Mundua -
Betoa musulmanei
Trumpek AEBko fiskal nagusia kargutik kendu du
Kargugabetzea gauzatu baino ordu batzuk lehenago, gehiengo musulmana duten zazpi herrialdeetako hiritarrei AEBn sartzea debekatzen dien dekretua ez betetzea eskatu dio Sally Yatesek Justizia Sailari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donald Trump AEBko presidenteak Sally Yates jardunean zegoen AEBko fiskal nagusia kargutik kendu du, gehiengo musulmana duten zazpi herrialdeetako hiritarrei ezarritako betoaren aurka agertzeagatik. Kargugabetzea gauzatu baino ordu batzuk lehenago argitaratutako eskutitz batean, zazpi herrialde musulmanetako hiritarrei AEBn sartzea debekatzen dien dekretua ez obeditzea eskatu dio Sally Yatesek Justizia Sailari.
Hainbat hedabideetara bidalitako eskutitz batean, Justizia Sailari "traizioa" egitea egotzi dio Etxe Zuriak Sally Yatesi, "hiritar estatubatuarrak babesteko agindua betetzeari uko egiteagatik".
Presidentziatik azaldu dutenez, Dana Boentek ordezkatuko du Sally Yates jarduneko fiskal nagusi karguan, harik eta Senatuak Jeff Sessions fiskal nagusiaren izendapena baieztatzen duen arte.
Trumpek AEBko immigrazio agentziako zuzendaria kargugabetu du
Donald Trumpek Daniel Ragsdale Immigrazio eta Aduanen Kontrolerako agentziako jarduneko zuzendaria kargugabetu du.
AEBko Segurtasun Nazionaleko Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, Thomas Homan izango da jarduneko zuzendaria berria izendatu bitartean.
Segurtasun Nazionalak ez ditu kargugabetzearen arrazoiak azaldu.