Mundua -

Kanada

Hainbat hildako Quebeceko meskita baten aurka egindako tiroketa batean

Sei lagun hil dituztela baieztatu dute, momentura arte. Philippe Couillard probintziako lehen ministroaren hitzetan ekintza "terrorista" izan da.

Poliziak baieztatu du bi pertsona atxilotu dituztela. Argazkia: EiTB
Poliziak baieztatu du bi pertsona atxilotu dituztela. Argazkia: EiTB
Sei lagun hil dira Quebeceko meskitan izandako tiroketan

1:18

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hainbat pertsona hil dituzte igandeko azken orduan Quebeceko (Kanada) meskita baten aurka izan den tiroketa batean, tokiko hedabideek zabaldu dutenez.

Quebeceko Poliziak baieztatu duenez, sei dira meskitaren aurkako tiroketan hildako pertsonak. Gainera, erantsi du zortzi direla zauritutako lagunak, eta bi direla atxilotuak. Halaber, "ekintza terrorista" izan dela nabarmendu, CBC telebista kateak jasota adierazpenen arabera.

Quebeceko Gobernuak baieztatu duenez, tiroketaren ostean atxilotuetako bat bakarrik da susmagarria, bestea "lekukoa" baita.

Poliziaren arabera, atxilotutako bi lagunak Alexandre Bisonet eta Mohamed Khadir dira, biak kanadarrak, baina bakarrik Bisonnettek izango luke zerikusia igandean izandako tiroketarekin.

Bestalde, Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak musulmanen kontrako egindako eraso terroristatzat hartu du tiroketa. Hala, kanadar guztiak babestuko dituela ziurtatu du.

“Erdiragarria da justifikaziorik ez duen biolentzia ikustea”  esan du ohar batean. “Dibertsitatea gure sendotasuna da. Tolerantzia erlijiosoa kanadar guztiak errespetatzen dugun  balioa da”, gaineratu du.

Quebeceko Poliziak segurtasun-perimetroa egin du meskita eta kultura-zentro islamikoaren inguruetan, Sainte-Foy auzoan. Meskita barruan dozenaka pertsona zeuden tiroketa egin duten unean.

Bere aldetik, Philippe Couillard Quebeceko lehen ministroak Twitter sare sozialaren bidez adierazi duenaren arabera, "Gobernua lanean da Quebeceko hiritarren segurtasuna bermatzeko".

"Quebecek honen moduko indarkeria ankerra ukatzen du. elkartasun osoa biktimen, zaurituen eta haien senideei", gaineratu du.

"Bat egin dezagun indarkeriaren kontra. Elkartasuna Quebeceko musulmanei", esan du Cuillardek beste mezu batean.

Cuillarden hitzetan, gainera, "ekintza terrorista horren ondorioz, Batzar Nazionaleko (probintzia horretako Parlamentua da) bandera masta erdian ipintzea eskatu dut".

Poliziaren esanetan, atentatuan hildako pertsonak 35 eta 70 urte bitartekoak dira, eta beste 39k tiroketatik zauririk izan gabe alde egitea lortu zutela. Atentatua 20:00ak baino lehentxeago hasi zen, Quebeceko meskita batean. Erasoa hasi zuten unean, gizonezkoak meskitaren beheko partean ari ziren otoi egiten, eta emakumeak eta umeak lehen solairuan.

Atentatua hasi eta ia hiru ordu geroago, 22:40 aldera, Kanadako Poliziak ziurtatu du egoera "kontrolpean" zegoela. "Eraikina arriskutik kanpo dago eta barruan zeudenak irten dira dagoeneko. Ikerketak jarraitzen du", esan du Quebeceko Poliziak, Twitter kontuan argitaratutako mezu baten bidez.

"Quebeceko azentua" zuten

Gertatutakoaren lekuko batek CBC Kanadako telebista kateari adierazi dionez, atentatua egin duten biek kaputxa jarrita zutela sartu dira eraikinean, eta tiroketa hasi dute. "Iruditu zait Quebeceko azentua zutela. Tiroak botatzen hasi direnean 'Ala handia da' oihukatu dute. Otoi egiten ari zirenak hilda daude. Bala bat nire buruaren ondotik pasatu zen", azaldu du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Atentatuak argazkiak Gaurko azken ordukoa Kanada Erlijioa albisteak gaur