Mundua -
AEB
Trumpek Putinekin, Merkelekin eta Hollandekin hitz egingo du gaur
Sean Spicer Etxe Zuriko bozeramaileak Twitter bidez baieztatu ditu hiru elkarrizketa hauek.
Donald Trump Estatu Batuetako presidenteak telefonoz hitz egiteko asmoa du gaur Vladimir Putin Errusiako presidentearekin, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin eta François Hollande Frantziako presidentearekin.
Sean Spicer Etxe Zuriko bozeramaileak Twitter bidez baieztatu ditu hiru elkarrizketa hauek, Trumpek presidente gisa egindako "lehen aste osoa" ospatzeko argitaratutako mezuan. Joan den urtarrilaren 20an egin zion zin karguari.
Dimitri Peskoc Kremlineko bozeramailearen esanetan, Putinek Trump zoriontzeaz gain, "bi herrialdeen arteko harremanari buruz" hitz egingo dute. 2016ko abenduan, AEBra joateko asmoa erakutsi zuen Putinek, Trumpek gonbidatuz gero. Halaber, adiskidetasuna erakutsi zion, Kremlinak defendatzen dituen balore tradizionalak ordezkatzeagatik.
Bestalde, Alemaniako Gobernuko iturriek Reuters agentziari aurreratu diote Trump eta Merkel hitz egitekoak direla eta, zehazki, Errusiari buruz. Dena den, ez dute argitu agintari estatubatuarrak Ukrainan esku hartzeagatik Errusiari ezarritako zigorrak bertan behera uzteko aukera aztertuko duen ala ez.