Mundua -
Erresuma Batua
'Brexit'ak Parlamentuaren oniritzia beharko du aurrera egiteko
Erabakia Mayren asmoen kontrakoa da. Dena dela, epaia gorabehera, prozesuaren egitarauari eutsiko diola azpimarratu du Erresuma Batuko Gobernuak.
Agentziak | Erredakzioa
'Brexit'aren prozesuari ekin baino lehen, Parlamentu britainiarrak oniritzia eman beharko dio. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak kolpe latza jaso du gaur. Mayren Gobernuak ez zuen Parlamentuan bozketarik nahi Erresuma Batuak EB uzteko prozesuari buruz. Auzitegi Gorenak, ordea, nahitaezko pausotzat jo du, Londresko Auzitegi Nagusiak aurrez ebatzi bezala. Hala, Gobernuak Ganberaren oniritzia beharko du Lisboako Itunaren 50. artikulua aktibatzeko. Erabakia ezagutu eta berehala erantzun du Mayren Exekutiboak. Iragarri duenez, aldez aurretik zituen asmoei eutsiko die, eta, beraz, martxo amaieran abiatuko du EB uzteko prozesua.
Goreneko 11 epaileetatik zortzik egin dute erabakiaren alde (hiruk kontra bozkatu dute).
Epaileen aburuz, Erresuma Batuko Gobernuak ezin ditu herrialdeko legeak aldatu, "Parlamentuak beren-beregi baimena ematen ez badio behintzat". Argudiatu dutenez, 'Brexit'ak britainiarren eskubideak aldatuko ditu, eta hori ezin da Ganberaren baimenik gabe egin.
Gorenak beste erabaki bat ere hartu du auzi honen inguruan, honakoa aho batez. Horren arabera, Erresuma Batuko Gobernuak ez die Eskoziako, Ipar Irlandako eta Galesko gobernuei prozesua abiatzeko baimenik eskatu behar.
Erabaki bera, bigarrenez
Ganberaren oniritzia ezinbestekoa zela ebatzi zuen azaroan Londresko Auzitegi Nagusiak, Ginna Miller enpresaburuak herritar batzuen izenean eta, besteak beste, Eskoziako Gobernuaren babesarekin aurkeztutako helegitea aintzat hartuta.
Millerren abokatuek argudiatu dutenez, Erresuma Batua Europako Batasun Ekonomikoan sartu zenean, britainiarrek hainbat abantaila eta eskubide irabazi zituzten. Parlamentuak bakarrik bota ahal ditu eskubideok atzera.
Mayren Gobernuak helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Nagusiaren erabakiaren kontra. Haren aburuz, britainiarren % 51,9k Europar Batasuna uztearen alde egin zuten ekainaren 23an, eta mandatu hori nahikoa da prozesuari ekiteko eta Lisboako Itunaren 50. artikulua aktibatzeko.
Gobernuak, lehengo lepotik burua
Gorenak emandako zartakoa gorabehera, burua lehengo lepotik duela nabarmendu du Gobernuak. Theresa Mayren bozeramaile batek ohar bidez jakinarazitakoaren arabera, aldez aurretik ezarritako egitarauari eutsiko dio Gobernuak; hots, martxo amaieran abiatuko du prozesua.
Erabaki judiziala "errespetatzen" duen arren, "herri britainiarrak bozkatutakoa" beteko duela azpimarratu du. "Herriak EB uztea bozkatu zuen, eta gaur emandako epaiak ez du ezertxo ere aldatzen", erantsi du.