Mundua -

Auzitegi Gorena

Jose Cousoren hilketa berriro ikertzeko agindua eman du Gorenak

Kameralariaren familiak jarritako helegitea aintzat hartu du eta, ondorioz, kasua berriro irekitzeko agindu dio Auzitegi Nazionalari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Couso kameralariaren heriotza berriro ikertzeko agindu dio Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalari, kasua artxibatzearen aurka Cousoren familiak ezarritako helegitea aintzat hartu eta gero.

Jose Couso 2003ko apirilaren 8an hil zuten, AEBetako Armada Irakeko hiriburuan inbaditzen ari zela, Palestina Hotelaren kontra egindako eraso militarrean.

Bigarren aldia da Gorenak Auzitegi Nazionalari kasua berriro ikertzeko agintzen diola, izan ere, 2006ko abenduan indarrik gabe utzi zuen ikerketaren artxibatzea. Auzitegi Nazionalak kasua ixtea erabaki zuen, heriotza "gerra ekintza baten ondorioa" izan zela argudiatuta.

Oraingo honetan, familiak Auzitegi Nazionalak 2009ko urriaren 23an emandako epaiaren aurka aurkeztu zuen helegitea. Ebazpen horretan Auzitegi Nazionalak berretsi egin zuen Thomas Gibson sarjentuak, Philip Woldford kapitainak eta Philip Camp teniente koronelak ez zutela Cousoren heriotza eragin.

Hasiera batean, Santiago Pedraz epaileak hiru buruzagi militar estatubatuarrei leporatu zien kameralariaren heriotza, baina Auzitegi Nazionalak prozesu judizialarekin aurrera jarraitzeko datu nahikorik ez zutela ondorioztatu eta sumarioa behin behinean ixtea agindu zuen.

Pedraz epaileak bere autoan zioenez, Gibsonek "eman zuen tiro egiteko agindu zuzena", Palestina Hotelean frankotiratzailerik zegoela edo handik tropa estatubatuarrei tiro egin zietela baieztatzerik ez dagoen arren.

Horrez gain, Pedraz epaileak nabarmendu zuen Ginebrako Hitzarmenak eta Espainiako Legediak Jose Couso "pertsona babestua" zela adierazten dutela eta gatazka armatu bateko alde ezberdinak derrigortuta daudela zibilak eta soldaduak bereiztera. Ildo horretan, "AEBetako tropek jakin bazekiten Palestina Hotela gune zibilean zegoela, herritarrez eta kazetariz beteta zegoela eta ez zela helburu militarra", azpimarratu zuen Pedrazek.

Alabaina, Auzitegi Nazionaleko Salak ondorioztatu zuen ez zegoela argudio nahikorik hiru buruzagi militarrak auzipetzeko.

Gauzak horrela, Auzitegi Nazionalak hiru aldiz bota zuen atzera Pedrazek irekitako prozesu judizialak, bata 2010eko maiatzean eta bestea 2007ko apirilean.

Orain Jose Cousoren familiaren helegitea aintzat hartuta, aukera berri bat izango da gertakari hura behin betiko argitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea