Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

Donald Trumpek hartu du jada AEBko presidente kargua

AEBko 45. presidenteak dio "boterea herriari" itzuliko diola eta Estatu Batuak "lehen tokian" jarriko dituela berriro.

Donald Trump, presidente karguaren zina egitean. Argazkia: EFE
Donald Trump, presidente karguaren zina egitean. Argazkia: EFE
Trump: 'Ahalegin berezia egingo dut herrialdea berreraikitzeko'

1:44

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidente berria da, karguaren zina egin ostean. Bere lehen hitzaldian, "boterea herriari" itzuliko diola eta Estatu Batuak "lehen tokian" jarriko dituela promestu du.

"Estatu Batuen nahiz mundu osoaren norabidean eragingo dugu", erantsi du 15 bat minutuko iraupena izan duen agerraldian.

AEBetan, presidente kargua hartzeko ekitaldia beti berdina dela esan du, protokoloa errepikatu egiten dela, baina gaurkoan ezberdintasun bat badagoela zehaztu du: "Ez dugu boterea alderdi batetik edo Gobernu batetik bestera igaro, Washingtonen daudenei boterea kendu diegu, herritarrei bueltatzeko", nabarmendu du.

"Urte askotan gure nazioaren hiriburuan dauden agintari gutxi batzuek eraman dituzte irabaziak, herritarren kontura. ‘Establishment’ak bere burua babestu du, ez herritarrak", kritikatu du.

"Baina hori, hemen eta orain, aldatu egin da. 2017ko urtarrilaren 20a estatubatuarrek beren nazioaren kontrola berreskuratu zuten eguna izango da. Hemendik aurrera inor ez da ahaztua izango, hemendik aurrera mundu guztiari entzungo zaio", adierazi du.

Ildo horretan, estatubatuarrei dei egin die "munduak inoiz ikusi ez duen mugimendu historiko bat osatzeko, aldarri nagusi batekin: nazio bat bere herritarren alde egiteko soilik existitzen da".

Estatubatuarrek enplegua, hezkuntza, osasuna eta segurtasuna exijitzen dutela esan du. "Arrazoiko aldarrikapen justuak dira, krisi ekonomikoaren ondorioz denbora luzez pobrezia bizi izan den gizarte batena", gaineratu du.

Trumpek gogor kritikatu du orain arte AEBko Gobernuak egindako lana. "Milaka milioi dolar xahutu ditu beste herrialde batzuetako mugak defendatzen, beste herrialde batzuk aberasten, Estatu Batuetako sendotasuna galtzen ari zen bitartean".

Hortaz, mugak altxatuko dituela eta lanpostuak sortuko dituela agindu du, Estatu Batuak bi oinarri sinpleren gainean eraikita: "estatubatuarrek langile estatubatuarrak kontratatzea". "Hemendik aurrera erabaki guztiak, merkataritzari, zergei, immigrazioari edo atzerri gaiei buruzkoak, estatubatuarren onurarako hartuko ditugu", azpimarratu du.

CAPITOLIO EFE INVESTIDURA TRUMP

(Donald Trump presidente karguaren zina egiten. Argazkia: EFE)

Estatu Batuei lehentasuna

"Estatu Batuetako hiri guztietan, nazioarteko hiriburuetan, toki guztietan entzun dezatela: hemendik aurrera ikuspegi berri batekin gobernatuko dugu gure lurra, aurrerantzean Estatu Batuak izango dira lehen tokian".

Diskurtso protekzionista egin badu ere, Trumpek esan du ez diola munduari bizkarra emango. Alderantziz, "orain arteko aliantzak sendotuko ditugu eta berriak egingo ditugu, bereziki terrorismoa betirako desagerrarazteko, baina beti Estatu Batuekiko leialtasunez".

Horrez gain, ziur agertu da Estatu Batuak gelditzeko modurik izango ez dela. "Erronka guztiak gure esku ditugu; espazioko misterioak argituko ditugu eta Lurraren miseriak desagerraraziko ditugu", nabarmendu du.

"Inoiz ez zaituztegu bazterrean utziko. Zuen ahotsek, zuen itxaropenek eta zuen ametsek markatuko dute gure noranzkoa. Estatu Batuak indartsuak izatea lortuko dugu berriro, aberastasuna, harrotasuna eta segurtasuna berreskuratuta. Elkarrekin berriro lortuko dugu Estatu Batuak handiak izatea", amaitu du.

KAPITOLIOA EFE INVESTIDURA TRUMP

(Harmaka mila lagun bildu dira Kapitolio aurrean ekitaldia ikusteko. Argazkia: EFE)

90 atxiloketa

Ehunka manifestarik eta Poliziak istiluak izan dituzte Washingonen, eta 90 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte horregatik. Harriak eta gas negar-eragilea jaurti diete elkarri.

Istiluen ondorioz, "zenbait pertsona arin zauritu dira, 90 baino gehiago atxilotu eta kalte materialak handiak gertatu dira establezimenduetan eta ibilgailuetan", Peter Newsham Washingtoneko Poliziako zuendariak jakinarazi duenez.

Washingtonen segurtasun neurri zorrotzak hartu dituzte, Trumpen kargu-hartzeari begira.

 

Trump presidentearen kontrako protesta gogorrak izan dira Washingtonen
Trump presidentearen kontrako protesta gogorrak izan dira Washingtonen
Trump presidentearen kontrako protesta gogorrak izan dira Washingtonen

1:44

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak albisteak Hauteskundeak AEB Albisteak Donald Trump