Mundua -
Kargua uzteko 10 egunera
Obamak, agur ekitaldian: 'Bai, ahal dugu. Bai, egin dugu'
AEBko presidenteak Etxe Zurian eman dituen zortzi urteen errepasoa egin du, etorkizuneko erronkei begira.
Agentziak | erredakzioa
Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak agur-ekitaldia eman du Etxe Zuria utzi aurretik, AEBko Presidentetza uzteko hamar egun falta zaizkionean. Donald Trumpek urtarrilaren 20an hartuko du presidente kargua, azaroaren 8an egindako hauteskundeak irabazi eta gero.
Obamak esker onak eman dizkie AEBri eta estatubatuar guztiei, haiengandik "egunero ikasi" eta horiei esker "presidente hobea" izatea lortu baitu. "Pertsona hobea egin nauzue", nabarmendu du.
Horren ildotik, estatubatuarren zerbitzura aritzea "ohorea" izan dela esan du Obamak eta, gainera, "bertan", estatubatuarren alboan, "gainerako egunetan", jarraitzeko konpromisoa hartu du. "Sinistea eskatzen dizuet", erantsi duenez. "Yes, we can", esan du, lehen kanpainako leloa gogora ekarrita -'Bai, ahal dugu'-. "Bai, egin dugu", gaineratu du ondoren.
Era berean, presidente estatubatuarraren esanetan, "aldaketa gertatzen da jendeak parte hartu eta aldaketa lortzeko elkarrekin bidea egiten duenean". Halaber, Obamaren arabera, azken zortzi urteetan hartutako neurriei esker, "Estatu Batuak hobe eta indartsuagoak dira".
Legealdi berriari begira, Obamak gogorarazi egin du arrazak "indar handienetako bat" izaten jarraitzen duela, eta gizarte estatubatuarrean "askotan zatitzailea" ere badela erantsi du. Edonola ere, arrazen arteko harremanak, AEBn, "orain dela 10, 20 edo 30 urtekoak baino hobeagoak dira, jendeak esaten duena gorabehera".
EIaren aurkako borrokari dagokionez, Obamak adierazi du nazioarteko koalizioak, Washingtonek gidatuta, "buruzagiak desagerrarazi eta hartuta zuten lurraldearen erdia baino gehiago uztera" behartu dituela; gainera, AEBko Armadako soldadu guztiei eskerrak eman dizkie. "Nire bizitzako ohorea izan da zuen komandanteburua izatea".
Halere, bizimodu estatubatuarra defendatzeko Armada baino gehiago behar dela esan du, "demokrazia edozein momentutan eror baitaiteke beldurraren aurrean etsi egiten denean".
"Horregatik ez dut onartzen musulman amerikarren aurkako diskriminazioa; gu bezain abertzaleak dira. Hortaz, ezin dugu etsi. Mundu osoan demokrazia hedatzeko borrokan jarraitu behar dugu: giza eskubideak hedatzeko, emakumeen eta LGTB kolektiboaren eskubideak hedatzeko... ahaleginean egindako akatsak gorabehera, eta balore horiei buruzko iritzia dena delakoa izanda", erantsi du.