Mundua -

Atentatua Turkian

Kirgizistango gizon bat da Istanbulgo erasoaren egilea

Poliziak hamabi pertsona susmagarri atxilotu ditu, baina 28 urteko erasotzaileak ihes egitea lortu zuen.

Atentatua Istanbulen. Argazkia:EFE
Eraso armatua Istanbulen. Argazkia:EFE
Turkia buru-belarri ari da atentatuaren egilearen bila

1:34

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Istanbulgo eraso terroristaren egilea Lakhe Mashrapor da, 28 urte ditu eta kirgizistangoa da, Turkiako telebista publikoak jakitera eman duenez. Dantzalekuaren kontrako erasoan 39 pertsona hil eta 69 zauritu ziren.

Estatu Islamikoak (ISIS) bere gain hartu du Istanbulgo atentatua eta Turkiako Poliziak hamabi pertsona atxilotu ditu atentatuarekin lotura dutelakoan. Dena dela, erasotzailea ihes eginda dago.

Ustezko erasotzailearen familia, Poliziaren zaintzapean

Istanbulgo atentatuaren ustezko egilearen familia Poliziaren zaintzapean omen dago, Turkiako hainbat hedabidek informatu dutenez.

"Poliziak erasotzailearen identitatea ezagutzen du, baina ez du ezagutzera eman, nahiz eta haren argazkia argitaratu duen. Beraren senideak Poliziaren zaintzapean daude", Hürriyet hedabideak zabaldutako informazioaren arabera.

Egunkari horrek dioenez, ikertzaileek uste dute erasotzailea Siriatik Turkiara sartu zela eta Konya hirira bizitzera joan zela 2016ko azaroan, emaztearekin eta bi semeekin batera.

Cumhuriyet hedabideak dio Turkiako Poliziak zaintzapean jarri duela Gabon Zaharreko atentatuaren ustezko egilearen familia. Aipaturiko egunkariak dakarrenez, ustezko erasotzailea eta haren familia Kirgizistandik heldu ziren Istanbulera, azaroaren 20an, eta Ankaratik igaro ostean Konyara joan ziren azaroaren 22an.

Estatu Islamikoak bere gain hartu du Gabon Zaharreko atentatua

Estatu Islamikoak bere gain hartu du Istanbulgo Gabon Zahar gaueko atentatua.

Taldeak ohar bat kaleratu du erasoa bere gain hartuz, eta «gurutzearen babesleen» kontrako borrokaren barruan kokatu du. Turkiak Sirian musulmanen kontra egiten dituen bonbardaketen mendekua dela azpimarratu du. «Kalifatoaren soldadu heroiko batek erasoa jo zuen dantzaleku ezagun batean, kristauak euren jai apostata ospatzen ari zirela», adierazi du ISISek.

Oraindik ez dute oharraren egiazkotasuna frogatu. Testuan jasotako informazioaren arabera, erasotzaileak granadak eta metrailadoreak erabili zituen.

Erasotzaileak ihes egitea lortu zuen, eta agintari turkiarrek ez dute identifikatu oraindik. Komunikatuan ez da erasotzailearen inguruko xehetasunik agertzen.

12 pertsona atxilotu dituzte atentatuarekin lotura dutelakoan

Turkiako Segurtasun indarrek hamabi pertsona atxilotu dituzte atentatuarekin lotura dutelakoan, HaberTürk egunkariak zabaldutako informazioaren arabera. Dena den, erasotzailea ihes eginda dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Atentatuak Eguneko albisteak Turkia berriak