Mundua -
Txandakako presidentetza
Belgikak ordezkatuko du Espainia Europar Batasuneko presidentetzan
Belgikako lehen ministroak Lisboako Itunaren "edukia eta izpiritua"ri eusteko asmoa agertu du, hau da, Espainiako presidentetzak abiatutako "jarraitutasun" instituzionalaren aldeko apustua egin du.
Erredakzioa
Belgikak lekuko hartuko dio Espainiari bihar Europar Batasuneko (EB) txandakako presidentetzan. Belgika barne krisialdian dago egun, eta Yves Leterme jarduneko lehen ministroak baztertu egin du horrek seihileko honetako jardunari eragingo dionik.
Belgikak hamaika aldiz hartu du Kontseiluko txandakako presidentetzaren ardura, baina honakoa lehena da Lisboako Itunaren eraginpean. Itun horrek garrantzi berezia ematen die bi kargu berriei, hau da, Herman Van Rompuy Kontseiluko etengabeko presidentea belgikarrari eta Catherine Aston, Kanpo Politikako Ordezkari Nagusiari.
Zentzu horretan, Letermek Lisboako Itunaren "edukia eta izpiritua"ri eusteko asmoa agertu du, Espainiako presidentetzak abiatutako "jarraitutasun" instituzionalaren aldeko apustua eginez.
Sehilekoko erronkak
Belgikaren lehentasunei dagokionez, hazkunde ekonomiko iraunkorraren joerara itzuli nahi dute eta krisialdia gainditu.
Esparru finantzarioaren erronka nagusiak bi dira: egonkortasuna lortzea eta espekulazio-funtsen ikuskapenerako eta arauketarako europar agentzia martxan jartzea.
Kanpo politikaren arloan, Turkiarekin hasitako negoziazio prozesuari ekiteko asmoa agertu dute eta, halaber, Islandia Europar Batasunean sartzeko lan egingo dute.