Mundua -
Ikerketa
Chapecoense taldearen hegazkinak erregai gutxi eta pisu gehiegi zuen
Ikerketa baten arabera, hegazkina gidatzen zuten pilotuek Rionegroko aireportuan lur hartzea eskatu zuten erregai nahikorik ez zutela ohartu zirenean.
Agentziak | Erredakzioa
Brasilgo Chapecoense futbol taldeko jokalariak zeramatzan hegazkinak ez zuen erregai nahikorik mendixka baten aurka talka egin zuenean, astelehen honetan Alfredo Bocanegra Kolonbiako Aeronautika Zibileko zuzendari orokorrak jakinarazi duenez. Ikerketa horren arabera, erregai gutxi eta pisu gehiegi zuen La-mia aire-enpresako hegazkinak.
Hala, hasierako hipotesi nagusia frogatu du Kolonbiako Aeronautika Zibilak egindako ikerketak. Ildo horretatik, hegazkina gidatzen zuten pilotuek Rionegroko Jose Maria Cordova aireportuko kontrol dorrearekin izandako elkarrizketetan entzun daiteke Chapecoense futbol taldea zeraman hegazkinak ez zuela erregai nahikorik Medellingo aireportura (Kolonbia) heltzeko.
Bocanegrak jakinarazi duenez, ikerketak argi eta garbi erakutsi du pilotuek bazekitela hegazkinak erregai gutxi zuela hegaldia prestatu zutenean. Ildo horretatik, Covijako aireportuan lur hartzea aurreikusita zuten, baina, azkenean, ez zuten lur hartu bertan eta aurrera jarraitzea erabaki zuten. Halaber, hegazkina gidatzen zuten pilotuen arteko elkarrizketetan entzun daitekeenez, beste hiru tokitan lur hartzea pentsatu zuten.
Kolonbiako Aeronautika Zibileko zuzendariak ziurtatu duenez, Leticiako aireportuan lur hartzea aztertu zuten, baina ez zutela tokirik izango pentsatu zutenez, aurrera jarraitzea erabaki zuten. “Tamalez, astelehen honetan jakin dugu bertan lur hartzeko tokia zutela eta eskaria egitekotan, lur hartzeko baimena emango zietela ”, azaldu du Bocanegrak.
Medellingo aireportura ez zirela iritsiko ohartu zirenean, Rionegron lur hartzea eskatu zuten. Aireportu horretako kontrol dorreak beste hegaldi batzuk desbideratu zituen, baina alferrik izan zen. Istripua La Ceja eta La Union hirien artean izan zen, Antioquia departamentuan, Rionegro hiriko Jose Maria Cordoba nazioarteko aireportutik gertu.
Gainera, hegazkinak pisu gehiegi eraman izana ikertzen ari diren beste hipotesi bat da, Bocanegrak azaldu duenez. Ikerketaren arabera, hegazkinak 42.148 kilo pisatzen zituen, baimendutako 41.800 kilo pisatu beharrean.
La-Mia aire-enpresako hegazkinean Brasilgo Chapecoense futbol taldea zihoan. Guztira 77 pertsona zihoazen; 71 pertsona hil eta sei larri zauritu ziren.