Mundua -
Aire-istripua
Errusiako hegazkin militarreko fuselajea aurkitu dute
Bestalde, Vladimir Putinek dolu nazionaleko eguna deklaratu du astelehena, Errusiako hegazkin militarraren istripuan hil ziren 92 pertsonen omenez.
Agentziak | Erredakzioa
Errusiako urpekariek igande honetan Itsaso Beltzean hondoratu zen Tu-154 hegazkinaren fuselajea aurkitu dute, erreskate zerbitzuek jakitera eman dutenez. Hegazkinean 92 pertsona zihoazen, eta aire hartu eta minutu gutxi barru erori zen.
“Urpekariek Itsaso Beltzean aurkitu dute bezperan ezbeharra izan zuen hegazkinaren fuselajea”, azaldu du Errusiako Larrialdi Egoeretako Ministerioak ohar batean.
Fuselajearen barruan ezbeharreko biktima gehienak egon daitezke. Kostatik 1,7 kilometrora aurkitu dute, 27 metroko sakoneran.
3.500 militar baino gehiago, erreskate lanetan
3.500 militar, 39 itsasontzi, 32 aire-aparatu eta zazpi batiskafo parte hartzen ari dira Errusiako operazioan, igandean Itsaso Beltzean erori zen hegazkin militarrean zihoazen 92 pertsonen gorpuak berreskuratzeko.
Erreskateko langileek, horien artean 135 urpekarik, hamaika gorpu berreskuratu dituzte orain arte eta, horrez gainera, igandean Sochiko aireportuan aireratu eta minutu gutxira erori zen hegazkinaren 154 zati. Hegazkina Errusiak Sirian duen base militarrera zihoan.
Berreskuraturiko gorpuak Moskura bidali dituzte astelehen goizean, hegazkin militar batean, Errusiako agentziek azaldu dutenez.
Dolu nazionaleko eguna
Vladimir Putin Errusiako presidenteak dolu nazionaleko eguna deklaratu du astelehena, abenduaren 26a, Tupolev Tu-154 hegazkin militarrean hil ziren pertsonen omenez, RIA Novosti albiste-agentziak adierazi duenez.
«Errusian, dolu nazionaleko eguna izatea erabaki dugu», azaldu du agintariak. Halaber, hondamendiaren arrazoiak zehatz-mehatz ikertuko dituztela nabarmendu du, eta «hildakoen familiak babesteko ahal den guztia egingo dugu», gaineratu du.
Eraso terrorista bat ez dago hipotesi nagusien artean
Errusiako Presidentetzak azaldu duenez, eraso terrorista bat izatea ez dute hipotesi nagusien artean ezbeharreko ikertzaileek.
Ikertzaileak “gertaerako bertsio guztiak aintzar hartzen ari dira. Oraindik azkarregi da hitz egiteko, baina jarduera terrorista bat izatearen bertsioa ez dago inolaz ere zerrendako buruan”, azpimarratu du Dimitri Peskov Kremlineko bozeramaileak.