Mundua -
NBEren ebazpena
Israel Segurtasun Kontseiluko enbaxadore gehienekin bilduko da
Modu horretan, protesta egin nahi du Palestinako lurraldeetan egonlekuak egiteari utz diezaiola eskatzen duen NBEren ebazpenaren aurrean.
Agentziak | Erredakzioa
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Segurtasun Kontseilua osatzen duten herrialdeetako enbaxadore gehienak (14tik 11) biltzera deitu ditu igande honetan Nazio Batuen Erakundeak ostiralean adostu zuen ebazpenaren aurrean protesta egiteko asmoz. Ebazpen horretan, Israeli eskatzen zaio Palestinako lurraldeetan egonlekuak egiteari utz diezaiola.
Aipatu deialdia guztiz ezohikoa da, bai deitu diren enbaxadore kopuruarengatik, bai euren garrantziagatik.
Netanyahu honako herrialde hauetako diplomatikoekin bilduko da: Erresuma Batua, Txina, Errusia, Frantzia, Egipto Japonia, Uruguai, Espainia, Ukraina eta Zeelanda Berria.
Alabaina, bilera garrantzitsuena Dan Shapiro AEBetako enbaxadorearekin egingo duena izango da, eta hura ez da ofizialki jakitera eman. Horren arrazoia da bilera horrek aparteko izaera duela. Erabat ezohikoa da Estatu Batuetako diplomatiko bat deitzea, eta, are gutxiago Netanyahu bera izatea protestaren igorlea, Kanpo Arazoetarako ministroaren ordez, ohikoa den bezala.