Mundua -

ATENTATUA BERLINEN

Berlingo atentatuaren susmagarria hil du tiroz Poliziak, Milanen

Italiako Barne ministroak baieztatu du Anis Amri dela hildakoa. Poliziaren kontrol-gune batean izandako tiroketan hil dute.

Italiako agenteak Anis Amriren gorpuaren ondoan. EFE
Anis Amri hil dute. EFE
Berlingo atentatuaren ustezko egilea tiroz hil dute Milanen

1:38

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiako Poliziak Berlingo atentatuaren susmagarri nagusia, Anis Amri, hil du tiroz Milanen, Marco Minniti Italiako Barne ministroak baieztatu duenez.

Hedabide italiarrek zabaldu dute albistea aurrena, eta handik gutxira, agerraldi laburra egin du Minnitik. Ministroaren hitzetan, "Milanen hildakoa Anis Amri da, Berlingo ustezko terrorista". "Bera da, duda barik", erantsi du. Azaldu duenez, tiro egin dion agentea zauritu du Amrik, baina ez dago larri.

Sesto San Giovanni Milango tren geltokitik hurbil ezarritako polizia kontrol batean jazo da tiroketa, bart 03:00ak aldera. Agenteek nortasun agiria eskatu diote Amriri, eta honek tiro egin du. Agenteetako batek ere tiroz erantzun dio, eta bertan hil du.

Ministroak azaldu duenez, trenez heldu da Amri Italiara, Frantziatik. "Alemaniako agintari politiko eta poliziak jakinaren gainean daude jada. Ikerketa abian dago", zehaztu du.

Minnitik ez du operazioaren inguruko azalpen gehiago eman nahi izan.

12 pertsona hil eta 48 zauritu zituen kamioiaren gidaria zelakoan, 24 urteko tunisiarra bilatzeko eta atxilotzeko agindua zegoen. Ikerketaren iturrien arabera, 2011n irten zen Amri Tunisiatik, eta Mediterraneoa zeharkatuta, Italiara heldu zen. Hainbat delitu egotzita, kartzelan izan zen tunisiarra. Gerora, 2015ean, Alemaniara joan zen.

Anis Amri Berlingo atentatuaren ustezko egilea

Anis Amri Berlingo atentatuaren ustezko egilea

Ikerketak aurrera jarraitzen du

Kamioian aurkitutako telefono mugikorra ikertzen ari da Alemaniako polizia. Gailua, HTC markakoa, Anis Amrirena zela uste dute. Ikerketa Kriminalaren Bulego Federaleko adituak ari dira mugikorra aztertzen.

Anis Amri hilda dagoen arren, laguntza sare bat izan duen ikertzen ari da polizia. "Ikerketa ez da oraindik bukatu", esan du Merkelek.

Tunisiarrak atentatua egiteko edota ihes egiteko "laguntzaile, kolaboratzaile edo konplize sare bat" izan duen ikertzen ari dira.

Milanen eta Berlinen erabilitako armak ere azterketen erdigunean daude, baita ustezko terroristak erabilitako ihesbidea ere. Hedabide batzuen arabera, Alemanian, Frantzian eta Italian zehar ibili zen.

Amri, bideo bateko protagonista

Estatu Islamikoari leialtasuna hitzematen dion bideo bat eman du argitara Abu Bakr al Baghdadi buru duen talde terroristak. Bideoan, "gurutzatuen" aurka atentatuak egitera animatzen du Amrik, EIren kontrako aire erasoak "mendekatzeko".

"Borroka ahal baduzue, borrokatu. Europan bazaudete, gurutzatu txerri horiek borrokatu", dio Anis Amrik bideoan. "Beren odola ez da alferrik isuriko", gehitu du.

Eskerrak eman dizkio Alemaniak

Alemaniako Gobernuak eskerrak eman dizkio italiarrari Anis Amri Berlingo atentatuaren ustezko egilea hiltzeagatik. "Oraindik ez dago bi gobernuen arteko konfirmazio ofizialik", azaldu du Alemaniako Barne Ministerioaren bozeramaile batek. Dena dela, baieztatutzat jo du, eta  "lasaiago" daudela erantsi. Alemaniako Atzerri gaietarako Ministerioaren eledunak, bestalde, eskerrak eman dizkio Italiako Poliziari.

Zuhurrago azaldu da Berlingo hiri-estatuko gobernua. Ohartarazi duenez, "lasaiago" daude Amri izan daitekeena hil dutelako, baina haren konplizeen bila daudela azpimarratu du. "Susmagarri nagusia Milanen hil badute ere, horrek ez du esan nahi balizko konplizeen bila ez gabiltzanik, edota auzia itxita ematen dugunik", esan du Andreas Geisel Berlingo Barne arduradunak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo munduko albisteak Atentatuak argazkiak Italia