Mundua -
Alemania, alertan
Bi gizon atxilotu dituzte Alemanian atentatu bat prestatzea egotzita
Oberhausengo (Alemania mendebaldea) merkataritzagunean erasoa egiteko asmoa zutela uste du Poliziak.
Agentziak | Erredakzioa
28 eta 31 urteko bi anaia kosovar atxilotu dituzte Alemanian, Oberhausen hiriko merkataritzagunean atentatu bat prestatzen ari omen zirela eta. Atxiloketak bart egin dituzte handik gertu dagoen Duisburg hirian (herrialdearen mendebaldea).
Polizia-iturriek ostiral honetan baieztatu dituzte atxiloketak. Berlingo erasoaren ostean, miaketak eta polizia-kontrolak ugaritu dira Alemanian, eta horren ostetik atxilotu dituzte bi gizonak.
Iturrion arabera, atentatua prestatzeko lanak zein puntutan zituzten eta laguntzarik ote zuten aztertzen ari da orain Polizia.
Saltokia gaur zabalduko dute berriro, baina segurtasun-neurriak indartuta.
Oberhausengo merkataritzagunea eskualdeko metalurgia lantegi handi baten ondoan dago, eta duela 20 urte zabaldu zuten.
Miaketa ugari
Berlingo atentatua izan zenetik, estatu federal horretako (Ipar Renania-Westfalia) hainbat etxebizitza miatu dituzte. Izan ere, jakin denez, erasoaren susmagarri nagusia, Anis Amri tunisiarra, han bizi izan zen.
Atzo, eskualde horretako telebista-kateak Amriren irudi batzuk zabaldu zituen, Berlingo meskita bateko segurtasun-kamerek atentatua izan eta zortzi ordura grabatutakoak.
Komunikabide horren arabera, meskita hori atzo miatu zuen Poliziak.