Mundua -

Eraso terrorista

Estatu Islamikoak bere gain hartu du Berlingo atentatua

Sarraskiaren egilea ihes eginda dago, eta litekeena da armak izatea. Kamioiaren gidaria zelakoan, atxilo hartutako errefuxiatu pakistandarra libre geratu da.

Gabonetako merkatuan hildakoen senitarteko eta lagunek kandelak piztu dituzte euren omenez. EFE
Atentatua Berlinen. EFE
Gabonetako merkatuan hildakoen senitarteko eta lagunek kandelak piztu dituzte euren omenez. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Islamikoak (ISIS) bere gain hartu du Berlingo atentatua. Kamioi bat Gabonetako merkatu batean sartu zen astelehen gauean, eta bertan zegoen jendetza harrapatu zuen: 12 pertsona hil eta 50 zauritu ziren erasoan.

Amaq albiste agentzia jihadistak egin du iragarpena. Kamioia jendetzaren aurka eraman zuen gizona ISISen "soldadu" bat dela zehaztu du ohar labur batean.

Oharrean irakur daitekeenez, atentatuak "nazioarteko koalizioa osatzen duten herrialdeetako herritarrei eraso egiteko deiari" erantzuten dio.

Atentatuaren egilea, ihes eginda, eta ziurrena, armatuta

Bien bitartean, kamioi gidariaren bila jarraitzen du Poliziak. Izan ere, sarraskiaren egilea zelakoan atxilo hartutako errefuxiatu pakistandarra aske utzi behar izan du bart Fiskaltzak, haren kontrako probarik ez zegoela eta.

Atentatugilea aske dago, beraz, eta litekeena da armak izatea. Kamioiaren barruan agertutako gorpuak tiroak zituen, eta ikertzaileek uste dute jihadistak hil zuela. Ibilgailu barruan ez dute, ordea, armarik topatu.

"Ez dugu baztertzen atentatuaren egilea ihes eginda egotea", onartu du Alemaniako Barne ministroak, eta egindako atxiloketa defendatu du: "Ikerketa da, ez akats bat".

 

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo munduko albisteak Alemania Atentatuak bideoak