Mundua -

Ikerketa

Libre utzi dute Berlingo atentatuagatik atxilotutako gaztea

Hortaz, erasoaren egileak ihesean jarraitzen duela. Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa.

Alemaniako Fiskaltzak adierazi duenez, oraingoz ez du inork erasoa bere gain hartu. Argazkia: EiTB
Poliziak aske utzi du bart atxilotu zuten errefuxiatu pakistandarra

1:22

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako Fiskaltzak jakinarazi du arratsalde honetan aske utzi dutela bart Berlingo erasoaren egilea zelakoan atxilotu zuten gizonezkoa. Horrenbestez, erasotzaileak ihes eginda jarraitzen du.

Gainera, goizean, Peter Franck fiskal nagusiak esan du ez dutela baztertzen erasotzaile bat baino gehiago egotea.

Gaur gauean Estatu Islamikoak bere gain hartu du atentatuaren ardura. Atzo iluntzean gertatutako erasoan 12 pertsona hil eta 50 zauritu ziren; asko eta asko, larri.

Fiskaltzak gaur gauerdira arteko epea zuen atxilotua espetxera bidali edo ez erabakitzeko. Alabaina, ikerketak erakutsi du ez dagoela oinarri sendorik erasotzailea bera izan zela esateko.

Atxilo hartu zuten gizonezkoa 23 urteko pakistandarra da eta Berlingo aireportu zaharrean errefuxiatuentzat egokitutako babeslekuan bizi da.

Galdeketetan informazio asko eman duela esan du Fiskaltzak, baina, ildo berean, erasotzailea bera ez dela behin eta berriro azpimarratu du.

Lekukoen arabera, Gabonetako azokaren kontra egin ostean, kamioiaren gidariak ihes egin zuen, baina hura atzemateko ahaleginean hutsuneak izan zirela aitortu du Fiskaltzak.

Kamioian bildutako arrastoak ere aztertu dituzte, baina ez dute emaitzarik eman eta susmagarria aske uztea erabaki dute.

Gazte pakistandarrak aurrekari polizialak ditu delitu txikiengatik, baina ez terrorismoarekin lotutako delituengatik. Erasoa izan zen tokitik bi kilometrora atzeman zuten patruila batek.

Alemaniako Barne Ministerioak azaldu duenez, 2015eko abenduaren 31n iritsi zen Alemaniara, Balkanetako ibilbidea egin ostean. Berlinen otsailetik dago, errefuxiatuta.

Joan den goizaldean, polizia-operazio zabala egin dute gaztea bizi zen aterpetxean. 250 agente bertaratu dira eta miaketak egin dituzte, baina ez dute haren kontrako ezer topatu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania argazkiak Atentatuak albisteak Albisteak