Mundua -
New York
NBEk gaur bozkatuko du Alepoko ebakuazioaren ikuskapena
NBEko funtzionarioek Alepoko ebakuazioa gainbegira dezaten Frantziak aurkeztutako ebazpen-proiektua bozkatuko dute, hain zuzen.
Agentziak | Erredakzioa
Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak astelehen honetan bozkatuko du NBEko funtzionarioek Alepoko (Siria) ebakuazioa gainbegira dezaten eta hirian dauden zibilak babes ditzaten Frantziak aurkeztutako ebazpen-proiektua.
"Zibilek borondatez joan behar dute, eta haiek aukeratutako tokietara", azpimarratu dute testuan. Halaber, hiritik alde egitea hautatu duten zibilak edo horretara behartu dituztenak babesteko beharra aipatu dute proiektuan, baita haien etxeetan geratzea erabaki duten hiritarrak ere.
Era berean, Ban Ki Moon idazkari nagusiari "Nazio Batuetako giza-taldea birbanatzeko" eskatu diote, "jarraipen neutrala eta behaketa zuzena egiteaz gain, Alepoko ebakuazioei buruzko informazioa helarazteko".
Errusiak ez du ebazpen-proiektuari buruzko iritzirik erakutsi. Dena den, Moskuko Gobernuak Siriako gatazkaren inguruko sei ebazpen baztertu ditu 2001z gero. Txinak bat egin Errusiarekin sei beto horietatik bostetan.