Mundua -
Siria
Zibilak Alepotik ateratzeko operazioa bertan behera, leherketengatik
50.000 zibil daude oraindik Alepon, ateratzeko zain.
Agentziak | Erredakzioa
Siriako Alepo ekialdean zibilak ateartzeko operazioa bertan behera geratu da, gunean hainbat leherketen soinua entzun dutelako, Giza Eskubideen Siriako Behatokiak jakitera eman duenez.
Ostegunetik orain arte 8.000 pertsonak baino gehiagok utzi dute lekua, bi aldeen arteko akordioa izan ostean, su-etenari eta ebakuazioari zegokionez.
50.000 zibil, ateratzeko zain
Ostegunean hasi ziren Alepo ekialdea husten, eta ordudanik ia 6.500 lagunek utzi dute Siriako hiria. Oraindik, baina, asko dira harrapatuta daudenak, 50.000 zibil inguru, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera.
"Operazioaren lehen egunean, bederatzi konboi atera dira ekialdeko auzoetatik. Guztira, 6.462 pertsona, tartean 3.000 soldadu eta 301 zauritu", jakinarazi du Adiskidetzarako Zentroak ohar batean.
Ostiral honetan ere herritarrak ateratzen jarraituko dute, Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordearen ordezkariak eta NBEren kideak lagunduta.
"Konboiak Saladino auzoan paratu duten korridore berezi batetik dabiltza A Rashidin auzoraino. Handik Idleb hirira eramaten ditugu", azaldu dute.
"Ibilbidean zehar laguntza postuak jarri ditugu, segurtasuna bermatze aldera", adierazi du Adiskidetzarako Zentroak.
Ostegunean emandako datuen arabera, 3.000 zibil eta 40 zauritu atera zituzten Alepo ekialdetik.
Staffan de Mistura NBEk Siriarako duen bidali bereziaren arabera, oraindik 50.000 zibil daude Alepo ekialdean. Horietatik 40.000 hiriaren mendebaldera mugituko dituzte, eta gainerakoak, Idleb hirira.