Mundua -
Siriako gerra
Zibilak eta matxinoak hiritik ateratzeko akordioa lortu dute Alepon
Aurreikuspenen arabera, 06:00etan hasiko dira Alepoko ekialdean harrapatuta jarraitzen duten zibilak eta errebeldeak ateratzen.
Agentziak | Erredakzioa
Siriako Gobernuak eta matxinoek akordio berria lortu dute Alepoko ekialdean bizi diren zibilak eta errebeldeak hiritik ateratzeko. Siriako Armadak erasoak bertan behera utziko zituela iragarri zuen asteartean Errusiak, baina ebakuazioa atzeratu egin dute Siriako Armadak eta matxinoek borrokak berriro hasi dituztelako. Orain arte oposizioko taldeen esku egon da Alepo ekialdea.
“Datozen orduotan ezarriko den akordio berria lortu dugu”, esan dio Abdul Salam oposizio talde bateko kide batek Reuters agentziari.
Nazio Batuen Erakundearen arabera, 50.000 zibil inguru eta 1.500 bat gudari geratzen dira oraindik Alepo ekialdean. Aurreikuspenen arabera, goizaldeko seietan hasiko dira errebeldeak eta zibilak ateratzen.
Beste alde batetik, Siriako Gobernuko ordezkari batek berretsi egin du Alepoko ekialdean harrapatuta jarraitzen duten pertsonak ebakuatzeko akordioa lortu dutela. Ildo horretatik, Foua, Kefraya eta Idleb hirietan geratzen diren 1.500 gudariak ateratzea adostu dutela esan du.
Siriako Armadak eta aliatuek Alepo kontrolpean hartu zuten asteartean. Arrazoi horregatik, matxinoekin errendizioa negoziatu zuen Errusiak. Halaber, hiriaren ekialdean jarraitzen duten zibilak eta oposizioko taldeak ateratzeko akordio bat lortu zuten, baina asteazkenean borrokak hasi zituzten eta ebakuazioa atzeratu egin dute.