Mundua -

Siriako gerra

Siriako Armadak eta errebeldeek borrokak hasi dituzte berriro Alepon

Gutxienez 6 pertsona hil eta beste 30 inguru zauritu dira. Goizaldean hastekoa zen errebeldeen eta Alepon harrapatuta zeuden zibilen ebakuazioa, baina atzeratu egin da.

Siriako Alepo hiria. Argazkia: EFE
Siriako Alepo hiria. Argazkia: EFE
Gerratik ihes egin berriak diren zibilekin egon gara Alepon

1:06

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 6 pertsona hil eta beste 30 inguru zauritu dira Siriako Armadaren eta errebeldeen edo matxinoen arteko borroketan Alepon, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak jakinarazi duenez. Oraingoz, Siriako hedabide ofizialek ez dute hildakoen kopurua baieztatu.

Siriako Armadak eta matxinoek borrokari ekin diote berriro gaur Alepon, bai errebeldeen menpe dauden guneetan eta baita Gobernuaren kontrolpean daudenetan ere.

Baxar al-Asad Siriako presidentearen aldeko indarrek erasoak hasi dituzte matxinoen kontrolpean dauden guneetan eta bien bitartean errebeldeek hainbat suziri jaurti dituzte Alepo mendebaldean.

Siriako Armadak erasoak bertan behera utzi zituela iragarri zuen atzo Errusiak, zibilak eta matxinoak hiritik irteteko su-etena adostu ostean.

Errebeldeen eta zibilen ebakuazioa atzeratu egin dute Alepon

Siriako agintariek atzeratu egin dute errebeldeak eta zibilak Alepo hiritik ateratzea helburu zuen ebakuazioa. Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren esanetan, ebakuazioa goizaldean hastekoa zen.

Gobernuz kanpoko erakundeak Gobernuaren kontrolpeko gune batean dagoen iturri bat aipatuz zehaztu duenez, Siriako agintariek eta errebeldeek mezu bat bidali nahi diote Errusiari; izan ere, Errusiako eta Turkiako Gobernuek adostu zuten ebakuazioa beraiekin hitz egin gabe.

Bien bitartean, dozenaka autobus daude zain Alepo hegoaldean.

Aurreikuspenen arabera, errebeldeak eta Alepon harrapatuta zeuden zibilak goizaldeko bostetan ateratzen hastekoak ziren (Euskal Herrian goizaldeko laurak zirenean).

Vitaly Churkin Errusiak Nazio Batuen Erakundeak (NBE) duen enbaxadoreak atzo iragarri zuenez, Siriako Armadak bertan behera utzi zuen Alepoko erasoaldia NBEko Segurtasun Kontseiluak premiazko bileran akordioa lortu ondoren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gerra Siria Gaurko azken ordukoa Zer ari da gertatzen Sirian?