Mundua -

Siriako gerra

Matxinoak Alepotik irtengo dira, Siriako Armadak hiria hartu ostean

Errusiak eta matxinoek erretiroa adostu dute astearte honetan, azken orduotan 82 zibil hil ostean. Antza denez, bukatu egin dira gatazkak Alepoko ekialdean.

Siria
Siria
Matxinoak errenditu egingo dira Alepon, Armadak hiria hartu ostean

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siriako Armadak eta aliatuek Alepo kontrolpean hartu dute astearte honetan, abenduak 13. Arrazoi horregatik, matxinoekin errendizioa negoziatu du Errusiak.  Halaber, hiriaren ekialdean jarraitzen duten zibilak eta oposizioko taldeak ateratzeko akordio bat lortu dute. Siriako Armadak hiria kontrolpean hartu du eta su-etena iragarri du, Vitaly Churkin Errusiak NBEn duen enbaxadoreak jakinarazi duenez.

“Atzo gauen hasi genituen negoziaketak Errusiarekin. Aire erasoak gaur bertan etetea izan zen lortu genuen lehen akordioa”, esan dio Zakaria Malahifji Alepoko oposizio talde bateko kide batek Reuters agentziari.

Dena den, lurreko erasoak ez dira goizean eten, eta bi aldeek azken orduotan negoziatu dute Alepoko su-etena. Ondorioz, Malahifjik ziurtatu duenez, astearte honetan, gauerdian, amaituko da borroka, lau urte baino gehiago igaro ostean.

Vitaly Churkin Errusiako enbaxadoreak Malahifjik esandakoa berretsi du. “Matxinoak hiritik alde egiteko akordioa lortu da azken orduotan”, esan die komunikabideei, AEBtik.

Siriako Gobernuko kide batek azaldu duenez, hiriaren ekialdean jarraitzen duten zibilak eta oposizioko taldeak asteazkenetik aurrera atera eta Siriara eramango dituzte, pixkanaka.

Aleporen erorkera

Churkinek azaldu duenez, ordu gutxi batzuk besterik ez dira falta Alepo Gobernuaren esku egoteko berriz. Gauzak horrela, azken asteotan ehunka hildako eta milaka iheslari utzi dituen borroka amaitutzat eman du Errusiako enbaxadoreak.

Oposizioko taldeek ziurtatu dutenez, 50.000 pertsona inguru Alepo ekialdean jarraitzen dute oraindik. Nazio Batuak zabaldutako datuen arabera, Damaskok borroka hasi baino lehenago 275.000 pertsona inguru bizi ziren bertan.

Beste alde batetik, Siriako Adiskidetzerako erakunde errusiarrak adierazi duenez, Gobernuak hiriaren ekialdearen % 98 kontrolpean du. Halaber, Sputnik agentziak esan duenez, oposizioko taldeak hiru kilometro karratuko lursail batean harrapatuta geratu dira.

Ez oposiziorik, ez GKErik

Staffan de Mistura Sirian dagoen NBEren ordezkariak esan duenez, Gobernu siriarraren kanpainaren ostean, 50.000 bat zibil geratzen dira -hasieran 275.000 zeuden- eta 1.500 gudari; horietatik % 30 Fatah al Sham Fronteko kideak dira.

Halere, Errusiako Gobernuak ziurtatu egin du Aleporen ekialdean ez zegoela "oposiziorik" ez "gizaldeko organizaziorik", Siriako Armadak gunea hartu eta gero.

Vitali Churkin Errusiak NBEn duen enbaxadorearen esanetan, Batxar al Assaden Gobernuak Alepo ekialdea berreskuratzea lortu du, 2012tik erreboltarien eskuetan izan eta gero.

"Azken datuen arabera, bukatu egin dira gatazkak Alepo ekialdean. Gobernu siriarrak kontrola berreskuratzea lortu du", esan du Churkinek.

Azken egunotan 82 zibil hil dituzte

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) jakinarazi duenez, azken orduotan 82 zibil hil dituzte Bashar al-Asaden aldeko tropek eta Irakeko milizianoek Alepoko ekialdean.

Rupert Colville Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubidetarako goi mandatariak Ginebran egindako agerraldi batean azaldu duenez, larrituta dago Bashar al-Asaden aldeko milizianoek Alepon jarraitzen duten zibilen kontra mendekua hartzeko erabakia hartzen badute.

“Milizianoek gutxienez 82 pertsona hil dituztela frogatzen duten txostenak jaso ditugu. Tartean hamaika emakume eta hamahiru ume daude”, ziurtatu du Colvillek. Agerraldian esan duenez, biktima gehiago egon litezke.

Txosten horien arabera, Alepotik ihes egiten saiatu diren pertsonak tirokatu dituzte. Era berean, Jens Laerke NBEren giza laguntzarako agentziako bozeramaileak esan du “Alepon gizatasunaren kolapsoa” dagoela ematen duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Gerra Siria Errusia bideoak Eguneko albisteak Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak Siria