Mundua -
Goi-bilera
Gastu publikoaren ika-mikak G-8ko bileraren hasiera ilundu du
Gastu publikoa mantentzea edo murriztea eztabaidatu dute G-8ko zenbait agintarik.
Erredakzioa
G-8ko agintariek bi eguneko bilera hasi dute ostiral honetan segurtasuna eta Afrikari osasun arloan laguntzak eskaintzeko gaiak jorratzeko, baina gastu publikoaren ika-mikak bileraren hasiera ilundu du.
Eguerdian Stephen Harper Canadako lehen ministroak harrera egin die AEBetako, Frantziako, Alemaniako, Italiako, Japoneko, Erresuma Batuko eta Errusiako agintariei Muskokan (Kanadako hegoaldean).
Mahai gainean, besteak beste, milioika emakumeren eta haurren heriotza saihesteko baliabide gehiago lortzeko proiektua dute.
NBEk 30.000 milioi euro lortu nahi ditu emakumeak eta haurrak erditzetan laguntzeko, eta Kanadak 2.850 euro eskainiko ditu datozen bost urteotan.
Klima-aldaketa, narkotrafikoaren kontrako borroka edo Iran eta Ipar Korearen arteko liskarrak eztabaidatuko dituzte Muskokako bileran.
Hala ere, bilera hasi baino lehen hainbat agintarik gastu publikoaren inguruan berba egin dute; izan ere, Estatu Batuak gastu publikoa mantentzearen alde daude, eta Europako zenbait herrik, ordea, gastu publikoa murrizten hasi dira.