Mundua -
Siriako gerra
Siriako Armadak Alepo ekialdeko hainbat barruti hartu ditu kontrolpean
Bestalde, Estatu Islamikoak Palmira hiriaren kontrola berreskuratu du zortzi hilabeteren ondoren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Siriako Armadak eta aliatuek Alepo hiriko Al Sheij Said auzoaren kontrola hartu dute, eta dagoeneko hiriaren ekialdearen % 90 dute kontrolpean. Azken orduetan, 3.500 pertsona inguru atera dira orain arte oposizioaren esku zeuden auzoetatik.
Sana albiste-agentziak zabaldutako informazioaren arabera, Baxar al-Asaden aldeko tropek Alepo hego-ekialdeko Al Sheij Said, Al Firdus eta Karam Dada berreskuratu ditu.
Siriako Giza Eskubideen Behatokiak adierazi duenez, Gobernuaren indarrek Al Sheij Said kontrolpean hartu dute eta eskura dute Al Firdus eta Karam Dada berreskuratzea.
Al-Asaden aldeko indarrek eta Errusiako hegazkinek azaroaren 15ean hasi zuten erasoaldia Alepo ekialdean.
Estatu Islamikoak Palmira berreskuratu du zortzi hilabete geroago
Estatu Islamikoak (ISIS), berriz, Palmira hiri historikoaren kontrola berreskuratu zuen atzo, zortzi hilabetez Siriako indarren kontrolpean egon ondoren.
Siriako Armadak martxoaren 27an okupatu zuren Palmira, Errusiako hegazkinen laguntzarekin.