Mundua -

Siria

EIk Palmira berreskuratu du, galdu zuenetik 8 hilabete igaro direnean

Jihadistek Palmira iparraldeko eta mendebaldeko zenbait gune hartu zituzten atzo, baina alde egin behar izan zuten errusiarren bonbardaketen eraginez.

Palmira
Palmira
Estatu Islamikoko milizianoak berriro sartu dira hiri historikoan

1:12

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Islamikoa talde jihadistak Palmirako (Siria erdialdea) hiria eta bertako hondar greko-erromatarrak berreskuratu ditu igande honetan, martxoan handik alde egin behar izan ostean, Siriako eta Errusiako indarren erasoaldien aurrean.

Rami Abderrahman Siriako Giza Eskubideen Behatokiko zuzendariak jakitera eman duenez, hiru egun iraun duten borrokak izan eta gero, "erabat kontrolpean dute Palmira hiria, bertako aireportua, gune arkeologikoa eta zitadela".

Jihadistek Palmira iparraldeko eta mendebaldeko zenbait gune hartu zituzten larunbatean, baina alde egin behar izan zuten errusiarren bonbardaketen eraginez; alabaina, dirudienez, azkenean ezin izan dute ekidin Estatu Islamikoak berriz ere bere gain hartzea.

Behatokiaren esanetan, EIko borrokalarien erasoaldiaren ondorioz, Siriako soldaduek 120 kide galdu dituzte, eta alde egin behar izan dute.

Estatu Islamikoak ohar bat atera du Internet bidez, eta bertan Palmiraz jabetu dela eta berriro "xariaren (lege islamikoa) mende" dagoela jakinarazi dute.

Bestalde, SANA Siriako albiste-agentzia ofizialak zabaldu duenez, EIko "terrorista kopuru handi batek Palmira inguruko hainbat postu militarri eraso diete", baina, horren arabera, alderdi bien arteko borrokek jarraitu egiten dute.

SANAk aipatu duen iturri militar batek ez du baieztatu Siriako indarrek atzera egin izana, eta "Estatu Islamikoari Ar-Raqqatik errefortzuak iritsi zaizkion arren", Armadak hainbat frontetatik egindako erasoaldiari eutsi diola esan du.

Aldi berean, SANAk azpimarratu du gerra-abiazioak "bonbardaketa biziak" egin dituela aurkarien aurka eta "kalte handiak" eragin dizkiela.

Siriako Bakegintzarako Errusiar Zentroaren esanetan, siriar tropak "4.000 jihadista baino gehiagoren erasoaldiari eusten ari zaizkio" Palmiran.

Argitaratu duen oharraren arabera, "terroristak ahalik eta gehien hurbildu eta gotortu egin nahi dira hiri barruan", baina "siriar indarrek Palmira defendatzen ari dira", nahiz eta "baja asko" izan. Halaber, Estatu Islamikoak Ar-Raqqatik errefortzuak bidali dituela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gerra Siria Estatu Islamikoa Jihadismoa hoy Eguneko albisteak Zer ari da gertatzen Sirian?