Mundua -

Bankuen gaineko kontrola

Depresio Handiaren osteko erreforma sakonena onartu dute AEBek

Kongresuak berretsi behar du eta baliteke presidenteak uztailaren 4ean indarrean jartzea. Herritarrak babestuko ditu krisien aurrean eta ekonomiari mehatxu egin diezaioketen arriskuak galaraziko ditu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBetako Ordezkarien Ganberako eta Senatuko kideek osatutako batzordeak akordioa lotu du gaur Depresio Handiaren osteko finantza erreforma handiena egiteko.

20 ordu baino gehiagoz negoziatzen aritu ostean, bi ganberetako ordezkariek akordioa egin dute bankuek euren kasa egiten dituzten operazioak mugatzeko eta eratorrien merkatuaren gaineko ikuskaritza indartzeko.

Ordezkarien Ganberako kideen artean aldeko 20 boto eta kontrako 11 jaso ditu; eta senatariek aldeko 7 boto eta kontrako 5 eman dituzte. Hori horrela, lege proiektua datorren astean bozkatuko dute Kongresuan eta presidenteak uztailaren 4an jarriko luke indarrean.

Timothy Geithner AEBetako Altxorraren idazkaria gustura agertu da akordiora iritsi direlako, izan ere, "helmuga gertu dago" eta azpimarratu duenez, batzordeko kideek adostutakoak "indarra" du eta "Depresio Handiaren ondoren izan den finantza erreforma sakonena da".

Horren harira, AEBetako Altxorraren arduradunak esan du araudi berriarekin kontsumitzaileak babestuko dituztela eta galarazi egingo dute bankuek ekonomiari mehatxu egiten dioten arriskuak hartzea. Era berean, etorkizunean izan daitezkeen balizko krisien aurrean herritarrak babesteko tresnak ematen dizkio Gobernuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea