Mundua -
Siria
Siriako erregimenak eten egin ditu Alepo ekialdeko operazioak
Sergei Lavrov Errusiako Kanpo gaietarako ministroak iragarri du. “Alepo konkistatzea ez da gerraren amaiera izango”, esan du Al Asadek.
Agentziak 1 Erredakzioa
Sergei Lavrov Errusiako Kanpo gaietarako ministroak iragarri duenez, Bachar al Assaden Gobernuak eten egin ditu ostegun honetan Alepo ekialdearen kontrako operazio militarrak.
“Gaur, Siriako Armadak eten egin ditu operazio militar aktiboak Alepo ekialdean, herritarren beste ebakuazio boluntarioa egiten ari direlako, denboraldi honetako handiena”, azaldu du Lavrovek, Hanburgon.
Rami Abderrahman Giza Eskubideen Siriako Behatokiko zuzendariak adierazi du bonbandaketak arratsaldean eten dituztela, nahiz eta Gobernuak gune batzuetan artilleria izan.
Duela hilabete egin zuen Gobernuak Aleporen aurkako azken erasoaldia, hiriaren kontrola lortzeko. Ordutik 800 pertsona hil dira, bertako “alkatearen” arabera, eta 30.000 pertsonek baino gehiagok ihes egin dute, ONUren datuen arabera.
Errusiaren eta AEBen arteko negoziazioak
Errusiako Kanpo gaietako ministroak akordio bat iragarri du John Kerrey AEBko Estatu idazkariarekin, Alepo ekialdetik borrokalari guztiak irteteko kontsultekin berriro hasteko.
Bi herrialdeetako diplomatikoek eta militarrek larunbatean ekingo diote berriro kontsultei, Genevan, talde armatuak erretiratzeko zehaztasunak egiteko, baita zibilak ebakuatzeko sistemaz hitz egiteko ere.
Al Asad: 'Alepo konkistatzeak ez du Siriako gerraren amaiera ekarriko'
Bachar al Asad Siriako presidenteak baieztatu duenez, Alepo hiria konkistatzeak ez luke herrialde horretan bizi duten gudaren amaiera ekarriko, baina urratsa handia izango da helburu horretan. Hala jasotzen du gaur Al Watan egunkariak, elkarrizketa batean.
“Errealistak izate aldera, ez da Siriako gerraren amaiera, baizik eta bukaerara bidean dagoen geraleku handi bat”, azaldu du Al Asadek. Bere hitzetan, ez du sekula pentsatu "askatu" gabeko gunerik uztea.
Berea aburuz, "gatazka ez da bukatuko terrorismoa guztiz suntsitu arte. Terroristak beste gune batzuetan ere badaude; horrenbestez, Alepon amaitu arren, euren aurkako borrokan jarraituko dugu".
Aldi berean, baztertu egin du Alepon beste su-eten bat egoterik, bere aburuz, "terroristen" onurarako litzatekeelako, atseden hartu eta berriz elkartzea ahalbidetuko bailieke.
Al Asaden arabera, Alepon garaitzeak garrantzia berezia izango luke, "Turkiaren proiektua" hiri horretan oinarritzen delako.
"Turkiak bere pisu guztia Alepoko gaiaren alde jarri du, eta Alepoko guduan porrota izateak gerrari buelta emango zaiola esan nahi du", esan du.
Ildo horretatik, agintariak ez du baztertu Turkiaren aurka militarki jardutea, Siriako lurraldean esku-hartzen jarraitzen badu. Turkiako presidentearen aurka (Recep Tayyip Erdogan) hitz gogorrak bota ditu.
"Psikologikoki ondo ez dagoen pertsona batekin jarduten dugunean (Erdogani erreferentzia eginez), ez dago logikarentzako tarterik", kexatu da. Bere iritziz, zentzuzkoena litzateke Siriak eta Turkiak harreman onak izatea, “Turkiaren esku-hartze baten aurrean, Siriak defendatzeko eskubidea dauka”.
Balizko akordioa
Bestalde, Serguéi Riabkov Errusiako Kanpo Arazoetarako ministrordeak gaur adierazi du Moskuk posible ikusten duela Ameriketako Estatu Batuekin Alepoko egoera bideratzeko.
"Adostasun batera iristea posible da, eta espero dezagun akordio hori iraganekoak baino iraunkorragoak izan dadila, AEBko administrazioak akordioetara iristeko bere ahalmen eza erakutsi zuenean", adierazi die kazetari talde bati Errusiako diplomaziaren arduradunak.