Mundua -
Hegazkin istripua
47 pertsona hil dira hegazkin bat amilduta, Pakistanen
Islamabad hiriburura heldu baino apur bat lehenago galdu du hegazkinak kontrol dorrearekin zuen harremana.
Agentziak | Erredakzioa
47 pertsona zeramatzan hegazkin bat amildu da gaur Pakistanen, Chitral hiriaren (Pakistan iparraldea) eta Islamabad hiriburuaren arteko ibilbidea egiten ari zela.
"Baieztatuta dago, jausi egin da. Azken seinalea 16:20an jaso dugu (11:20 GMT)", jakinarazi du Sher Ali Pakistango Abiazio Zibileko bozeramaileak.
Aurrez, hegazkina radarretatik desagertu dela zabaldu du konpainiak berak. Islamabad hiriburua zuen helmuga hegaldiak.
"Esan digutenez, Havelian hiritik gertu erori da; Polizia eta erreskate taldeak bidean dira", nabarmendu du Muhammad Khan Abbottabad hiriko (Islamabad hiriburutik iparraldera) Poliziaren bozeramaileak.
Konpainiaren arabera, "baliabide guztiak jarri ditugu abioia topatzeko". Balizko biktimen senitartekoak artatzeko telefono zenbakiak ere jarri dituzte.
Hegazkina Chitral hiritik atera da, Pakistanen 15:00ak zirenean (11:00 GMT) eta Islamabad hiriburura heldu baino apur bat lehenago galdu du kontrol dorrearekin zuen harremana.