Mundua -
Bolivia
Chapecoense taldea eraman zuen hegazkin-enpresaren burua atxilotu dute
Miguel Quiroga enpresaren beste jabea hegazkina gidatzen zuen pilotua zen, eta, gainera, auzi bat zuen martxan Boliviako Armadarekin.
agentziak | erredakzioa
Boliviako agintariek Gustavo Vargas LaMia aire-konpainiako burua atxilotu dute. Chapecoense futbol taldea zeraman hegazkina (aurreko astean istripua izan zuen Antioquian, Medellindik gertu, eta 71 lagun hil eta 6 zauritu ziren) konpainia horretakoa zen.
Istripua ikertzen ari den batzordeko fiskaletako batek, Ivan Quintanillak, baieztatu du Vargas atxilotu eta Ministerio Publikoaren bulegoetara eraman dutela, Santa Cruzera, konpainia horretako beste bi langilerekin batera.
Quintanillaren esanetan, Marco Rocha (enpresaren jabeetako bat) ere ikertuko dute, ABI albiste agentzia boliviarrak jaso duenez.
Miguel Quiroga (konpainiaren beste jabea) hegazkina gidatzen zuen pilotua zen, eta auzi bat zuen martxan Boliviako Armadarekin. Gainera, hegaldia egiteko behar adina erregai ez izatea egotzi diote.
Auzian lan egiten ari diren fiskalek informazioa bildu ahal izan dute, AASANA Boliviako Aireko Nabigazioa Laguntzeko Zerbitzuen eta Aireportu Administrazioaren bulegoetan, zein aireko enpresaren bulegoetan, Viru Viru aireportuan, hain zuzen, hegazkinaren abiapuntuan.
Jasotako informazio guztia beste batzorde batek ikertuko du. Bigarren talde hori Boliviako, Kolonbiako eta Brasilgo zenbait fiskalek osatuko dute, istripuak hiru herrialde horiek ukitu baitzituen: Boliviatik abiatu zen hegazkina, Kolonbian izan zuen istripua eta Brasilgoak ziren bidaiari gehienak.
Boliviak Celia Castedo (hegaldia baimendu zuen funtzionarioa) berehala kanporatzeko eskatu zion Brasili. Castedok babesa eskatu zien Corumbako Fiskaltzari eta Brasilgo Polizia Federalari, agintariek zuhurtziagabekeria egotzi eta gero.
Ikerketaren arabera, erregaia bukatu zitzaiolako jo zuen hegazkinak lurra.