Mundua -
Hegazkin istripua
Chapecoense taldeak eskerrak eman ditu, baita euskaraz ere
Twitter sare sozialean duen kontuan bideo bat argitaratu du ezbeharra izan zenetik jasotako babesa eskertzeko.
EITB.EUS
Hegazki istripua izan zenetik jasotako babes eta elkartasun mezu andanari erantzuteko berba bila, hainbat topatu ditu Chapecoense Brasilgo futbol taldeak, tartean euskarazko bat: "eskerrik".
Futbol taldeko kide ugari zeramatzan hegazkinak istripua izan zuen azaroaren 29an, Kolonbian, eta 71 pertsona hil ziren. Gaur, ia astebete geroago, eskerrak emateko bideoa plazaratu du klubak.
Chapecoensek minutu bateko iraupena duen bideoa eskegi du Twitterren duen kontuan. "Hitz bat bilatu dugu eskerrak emateko, eta hainbat topatu ditugu", esaten dute bideoaren hasieran. Segidan, esker hitzak ageri dira hainbat hizkuntzatan, eta euskarari ere egin diote tartea, "eskerrik" ere jaso baitute horien artean.