Mundua -

Akordio berria

FARCekin egindako akordioak Kongresuaren erabateko babesa jaso du

"Kongresuari esker onak, kolonbiarren bake itxaropenari emandako babes historikoagatik", esan du Juan Manuel Santos Bakearen Nobel saridun eta Kolonbiako presidenteak.

Gizon bat, Kongresuaren atarian, bake akordioa ezartzea eskatuz. Argazkia: EFE
Gizon bat, Kongresuaren atarian, bake akordioa ezartzea eskatuz. Argazkia: EFE
Gizon bat, Kongresuaren atarian, bake akordioa ezartzea eskatuz. Argazkia: EFE

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonbiako Kongresuak aho batez onartu du Gobernuak eta Kolonbiako Indar Armatu Iraultzailek (FARC) adostutako bake akordioa, bigarrena hain zuzen, erreferendumean atzera bota baitzuten lehenengoa.

"Aldeko 130 boto eta kontrako botorik gabe onartu da akordio berria Kolonbiako Ganberan", zabaldu du Kongresuak Twitter sare sozialean zabaldutako ohar baten bidez. "Hala, berretsita eta ezartzeko prest geratu da", gaineratu du.

Humberto de la Calle Gobernuaren negoziazio-taldeko buruak akordioa arin onartzea eskatu du saioan, egoera "ahula" dela ikusita, beharrezkoa baita ahalik eta arinen martxan jartzea, Caracol Radio irratiak jasotako adierazpenen arabera.

Akordioaren aurka nagusiki agertu den Zentro Demokratikoko 19 ordezkarik (Alvaro Uribe presidente ohia, tartean) eta Alderdi Kontserbadoreko beste zortzik bertatik alde egin dute bozketa hasi baino lehen, akordioa ez baitu Kongresuak berretsi behar, horien ustez.

Uriberen alderdiak, halaber, Senatuan aurreko egunean egindako bozketatik ere joan zen, eta aho batez eman zioten oniritzia.

"Senatuak aldeko 75 boto eta kontrako botorik gabe onartu du FARCekin egindako Bake Akordio berria", iragarri zuen ganberak.

Rodrigo Londoño Echeverri 'Timochenko' FARCeko buruak eta Kolonbiako presidenteak aurreko astean sinatu zuten akordio berria, testu "hobetua", hain zuzen, gizarte kolonbiarraren eta 'ezezkoaren' aldekoek egindako proposamenak jasota.

Uribek onartu egin du testuan "hobekuntzak" egin direla, baina, edozein modutan, ez dio oniritzia eman nahi izan.

"Babes historikoa"

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidente eta Bakearen Nobel saridunak esker onak eman dizkio Kongresuari FARCekin egindako akordioari "babes historikoa" emateagatik.

"Kongresuari esker onak, kolonbiarren bakerako itxaropenari emandako babes historikoagatik", esan du agintari kolonbiarrak Twitter sare sozialaren bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Albisteak Zer gertatu da Kolonbian?