Mundua -

Hegazkin istripua Kolonbian

Pilotua: 'Hegazkinak arazo elektrikoak ditu eta erregairik gabe dago'

Grabazio batek baieztatu egin du Chapecoenseren hegazkineko pilotuak egoeraren larritasunaz ohartarazi ziola Medellingo aireportuko kontrol-dorreari.

Kolonbiako hegazkina erregairik gabe geratu zela ziurtatu dute

1:43

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Chapecoense futbol talde brasildarra zeraman Lamia konpainiaren hegazkineko pilotua Medellingo aireportuko kontrol-dorrearekin harremanetan jarri zen, abioiak hutsegite elektrikoak zituela eta erregaia amaitzear zuela ohartarazteko.

Hala baieztatu dute gaur zabaldutako grabazio bat entzun ostean. “Andereño, Lamia 993 hegazkina erabateko hutsegite elektrikoan dago, eta erregairik gabe”, dio pilotuak grabazio horretan.

Jose Maria Cordova aireportuko kontrol-dorreak lur hartzeko pista “libre” dagoela erantzun zion, euria egin zezakeela ohartarazita eta suhiltzaileak prest izango zirela jakinarazita.

Hori baino lehen, aireportura ahalik eta azkarren heltzeko “pistaren bektoreak” zeintzuk diren esateko eskatzen dio pilotuak kontrol-dorreari. Baina, kontroladoreak Viva Colombia konpainiaren hegazkin bati eman zion lehentasuna, “ihes-arazo bat” zuelako.

Pilotuak egoera oso larria zela azpimarratu zion berriro eta orduan kontroladoreak Medellingo aireportura hurbiltzen ari ziren beste bi hegazkin desbideratu zituen, Chapecoenseren abioiak lur har zezan.

“Erregai larrialdia dugu, lur-hartzeko baimena eskatzen dizut”, dio pilotuak.

Medellinera bidean ziren beste hegazkin batzuetako pilotuek elkarrizketa entzun ahal izan zuten eta berretsi egin dute arazo elektrikoekin eta erregai gutxirekin zihoala gerora erori egin zen abioia.

Kontaktua galdu baino apur bat lehenago, lurreratzeko altuera nahikorik ez duela ohartarazten dio kontroladoreak pilotuari eta honek erantzuten dio 9.000 oinetara dagoela.

Kolonbiako zenbait komunikabidetan hainbat adituk azaldu dutenez, altuera hori ez da nahikoa Gordo muinoa zeharkatzeko. Mendixka horretan, lurreratzeko pistatik 17 kilometrora, erori zen hegazkina.

Hegazkinean 77 lagun zihoazen: Chapecoensen talde brasildarreko futbolariak, zuzendariak, kazetariak eta tripulazioko kideak. Guztira, 71 hildako izan ziren. Gainerako seiak bizirik atera ziren eta ospitalean daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Hegazkin istripuak Gaurko azken orduko albistea Kolonbiako albisteak gaur