Mundua -
Tragedia
Istripuaren biktima: 'Segurtasun protokoloa bete nuelako nago bizirik'
Bestalde, Medellingo alkateak omenaldia deitu du gaurko, Atanasio Girardot estadioan, biktimen alde.
agentziak | erredakzioa
Kolonbiako hegazkin istriputik bizirik atera ziren sei pertsonetako bik lehen adierazpenak egin dituzte dagoeneko. Horietako batek esan du bizirik dagoela segurtasun protokoloa bete egin zuelako. Ezbeharrean 71 lagun hil eta sei zauritu ziren, Chapecoense Brasilgo futbol taldeko kideak gehienak.
"Argiak itzali egin ziren eta ez dut besterik gogoratzen", adierazi dio Ximena Suarez Boliviako Lamia enpresako hegazkin laguntzaileak Victoria Eugenia Ramirez Antioquiako Gobernu idazkariari, hegazkinak lurra jo zuen tokian, La Union udalerriko El Gordo mendixkan, erreskatatu eta gero.
Bestalde, Erwin Tumiri Boliviako abiazio-teknikariak esan duenez, "segurtasun protokoloak bete nituelako nago bizirik. Egoeraren aurrean, asko eserlekuetatik altxatu ziren, eta oihuka hasi ziren. Maletak hankartean ipini nituen fetu-jarrera hartzeko, istripuen kasuetarako aholkatzen duten bezala".
Suarez eta Tumiri ez ezik, Alan Ruschel, Jackson Follman eta Helio Neto kazetariak eta Rafael Valmorbida Henzel kazetaria ere atera ziren bizirik istriputik, eta Medellin inguruko ospitaleetara eraman zituzten.
Hil osteko omenaldia Medellinen
Federico Gutierrez Zuluaga Medellingo alkateak omenaldia deitu du asteazken honetarako, Atanasio Girardot estadioan, biktimen alde.
"Atanasio Girardot estadiora joateko deia egiten diegu herritarrei, asteazkenean, azaroak 30, 06:45ean tragedia horretan hildakoak gogoratzeko. Sarrera doakoa izango da", esan du agintariak Twitter bidez.
Omenaldia deitu duten orduan, hain justu, lehiatzekoak ziren Chapecoense eta Atletico Nacional taldeak, estadio berean, Hego Amerikako Kopako finala dela eta.
"Elkartasuna agertzeko, kandela bat eskuan hartuta eta zuriz jantzita" joateko eskatu die Medellingo Alkatetzak Twitter bidez bertara joateko asmoa dutenei.