Mundua -

HEGAZKIN ISTRIPUA KOLONBIAN

Chapecoense taldea zeraman hegazkineko kutxa beltzak topatu dituzte

Aurkikuntzak ahalbidetu egingo du istripuaren kausak argitzea. 71 pertsona hil dira.

Hegazkina, istripua izan eta gero. Iturria: EFE
Hegazkina, istripua izan eta gero. Iturria: EFE
Hegazkina, istripua izan eta gero. Iturria: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonbiako Abiazio Zibilak topatu egin ditu astearte honetan herrialde horretan erori den hegazkinaren bi kutxa beltzak. 71 pertsona hil dira istripuan, gehienak Chapecoense futbol talde brasildarreko jokalariak. Hasieran 75 persona hil direla esan bada ere, agintariek 71ra jaitsi dute azkenean kopuru hori, lau pertsona ez baitira hegazkinera igo azken unean.

"Abiazio Zibileko langileek topatu egin dituzte bi kutxa beltzak", iragarri du Twitterren Alfredo Bocanegrak, erakunde horretako zuzendariak.

Dirudienez, istripua La Ceja eta La Union hirien artean gertatu da, Antioquia departamentuan, Rionegro hiriko Jose Maria Cordoba nazioarteko aireportutik gertu. Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak jakitera eman duenez, istriputik bizirik atera direnetako bi  larri daude.

Hegazkinean 77 pertsona zihoazen; Chapecoense futbol taldeko jokalariak eta tripulazioko bederatzi kide tartean. Mauricio Parodi Antioquiako Hondamendien Berreskuratze, Artatze eta Prebentzio Sistemaren Administrazio Departamentuko zuzendariaren esanetan, El Gordo mendixkan erori da.

"Baieztatuta, CP2933 hegaldiak @ChapecoenseReal futbol taldea zeraman. Antza denez, batzuk bizirik atera dira", esan dute aireportuko arduradunek Twitter sare sozialean aireratu duten mezu batean.

Futbol taldea, aurreko astean egindako argazki batean. Iturria: EFE

Futbol taldea, aurreko astean egindako argazki batean. Iturria: EFE

Parodiren arabera, hegazkina Santa Cruz de la Sierra (Bolivia) hiriko Viru Viru aireportutik abiatu zen, geldialdi tekniko bat egin eta gero, antza.

Hegazkina 21:33an (03:33an, gurean) heltzekoa zen Medellinera, baina La Cejatik gertu zegoenean, konexioa galdu du kontrol dorrearekin, horren esanetan.

Chapecoense Brasilgo Santa Catarina estatuko Chapeco hiriko futbol taldea da. Medellinera zihoan, asteazkenean Hego Amerikako Koparen finaleko joaneko partida jokatzera, Atletico Nacional taldearen aurka.

Chapecoense klubak hegazkina hartu aurretik grabatutako irudiak jasotzen dituen bideo hau jarri du bere webean:

Hiru dolu egun Brasilen

Istripua dela eta, Michel Temer Brasilgo presidenteak hiru dolu egun ezarri ditu. Hainbat txio bota ditu Temerrek, eta atsekabe handiz hartu du "dozenaka familiari zorigaitza" ekarri dien ezbeharraren berri.

Twitterren azaldu duenez, biktimen senideei "laguntzeko bitarteko guztiak" jarri ditu Gobernuak. "Eginahalak egingo ditugu Kolonbiako kirolaren eta kazetaritzaren senide eta lagunen mina arintzeko", erantsi du.

Istripua izan den inguruko baldintzek dezente zaildu dute helikopteroen lana, eta bertan behera utzi dituzte ordu batzuetan.

Hildako asko

Federico Gutierrez Zuluaga Medellingo alkateak ere pena handiz hartu du hegazkin istripuaren berri, eta elkartasuna agertu die biktimen senide eta lagunei.

"Benetako tragedia izan da gaur gauean gertatutakoa. Tamalgarria da hainbeste bizitza galdu izana, eta elkartasuna adierazi nahi diegu Chapecoense taldeko zaleei eta biktima guztien lagun eta senideei", esan du Medellingo alkateak ohar baten bidez.

Gutierrez istripua izan den lekura joan da, La Union aldera, eta "istripuan laguntzeko behar den kolaborazio guztia" eskaini du.

Bidaiari batzuk, bizirik

Kolonbiako aireko agintaritzak baieztatu du hegazkinean zihoazen zenbait bidaiari bizirik atera direla. Jose Gerardo Acevedo Antioquia departamentuko poliziaburuaren hitzetan, "hasiera batean sei pertsona erreskatatu ditugu", baina horietako bat artatzen ari ziren bitartean hil da.

"Ez dugu beste inor topatu bizirik", erantsi du Acevedok, eta egunak argitu arte, gorpu gehiago atera ezinik egongo zirela esan du. Istripua izan eta bost ordura, ordea, beste lagun bat atera dute hegazkinetik; hau ere, bizirik.

Hortaz, seigarren lagun hau batu behar zaio hasiera batean kaleratutako izen-abizenen zerrendari. Hauek dira zaurituta baina bizirik aurkitu dituztenak: Alan Luciano Ruschel, Marcos Danilo Padilha eta Jacson Ragnar Follmann jokalariak; Ximena Suarez hegazkineko laguntzailea, Rafael Hensel kazetaria eta Erwin Tumiri hegazkineko teknikaria.

Istripua zerk eragin zuen, argitzeke

Oraindik ezin izan dute zehaztu zerk eragin zuen istripua, baina Erresuma Batuko Istripuen Ikerketa Sekzioak iragarri du ikertzaile talde bat bidaliko duela Kolonbiara, Aeronautika Zibilarekin kolabora dezan.

Horien arabera, dagoeneko badakite komandanteak erregaiz hustu zuela hegazkina lurra jo baino lehen. Horregatik ez zuen su hartu hegazkinak lurra jo zuenean.

Jose Maria Cordova de Rionegro aireportuak kaleratutako lehen oharraren arabera, hegazkinak "arazo elektrikoak" zituela jakinarazi omen zuten. "Abioiak Rionegron lurreratzeko lehentasuna izatea eskatu zuen, eman egin zioten, baina, ondoren, komunikazioa eten egin zen", esan du Alfredo Bocanegra Kolonbiako Aeronautika Zibileko zuzendariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Hegazkin istripuak Gaurko azken orduko albistea Kolonbia Brasil azken ordukoa