Mundua -
Primarioak
Fillon izango da eskuinaren presidentegaia Frantziako hauteskundeetan
Lau milioi lagun baino gehiago joan dira bozkatzera, eta boto-emaileen % 66,5ek babestu dute.
Agentziak | Erredakzioa
François Fillon lehen ministro ohia izango da Frantzian 2017an presidente izateko egingo diren hauteskundeetan zentro-eskuinak aurkeztuko duen hautagaia, primarioetako bigarren itzulian Alain Juppe garaitu ondoren, sorpresarik gabe.
Bere programa ultraliberal eta ortodoxoak (berak ere jotzen du muturrekotzat) % 66,5eko babesa lortu du bozkatzera joan diren lau milioi boto-emaile baino gehiagoren artean.
Primarioen lehen itzulian, ustekabeko garaipena lortu zuen, bozen % 41 eskuratuta, eta presidentegai izateko lasterketatik kanpo utzi zuen Nicolas Sarkozy estatuburu ohia.
Bigarren itzuliko hauteskundeetan, baina, faboritoa zen Sarkozyren agintaldian (2007-2012) haren bigarrena izan zena. Inkestak aldeko zituen, eta gero eta jende gehiago joan da azken astean horren mitinetara.
Emaitzak zabaldu ondoren jarraitzaileen aurrean egin duen agerraldian esan duenez, "gaurkoa hondoko garaipena izan da, eta aurretiaz idatzitako egoera guztiak hautsi ditu".
Fillonek ekonomia liberalizatzea eta balio tradizionalak berrestea ditu ardatz nagusi.
Halaber, gogor kritikatu du François Hollande Eliseo jauregiko egungo bizilaguna, presidente gisa eman dituen bost urteak "negargarriak" izan baitira, horren hitzetan, Frantziarentzat, eta beharrezkotzat jo du horrekin bukatzea eta aurrera egitea "30 urtetan egin ez den moduan".
Horrenbestez, Alain Juppek (72 urte) bere curriculum politikoan falta zuen kargu bakarra eskuratzeko aukera galdu du, azken astean joko zikina egiteaz salatu izan ostean.
"Emaitzak ez ditu nire esperantzak ase (…). Fillon zoriontzen dut garaipen handia lortu baitu, eta gau honetatik aurrera nire babesa izango du. Zorte ona opa diot, eta datorren urtean irabaz dezala nahi dut", adierazi du Bordeleko egungo auzapezak.