Mundua -
Bogotan
Kolonbiako Gobernuak eta FARCek bake akordio berria sinatu dute
Behin betiko akordioa dela nabarmendu du Santosek, 52 urteko gatazka armatuari amaiera emanez. Inork ezin duela akordiotik kanpo geratu azpimarratu du “Timonchenko”k.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak eta Rodrigo Londoño “Timochenko” FARCeko buruzagi nagusiak bake akordio berria sinatu dute Bogotan, ostegun honetan. Era honetan, gatazka armatuko 52 urteri amaiera jarri diote.
Santosek eta “Timochenko”k sinatu dute akordioa, 11:00etan, eta Cartagena de Indiasen irailaren 26an sinatutakoaren osagarria da.
“Timochenko”k esan duenez, inork ezin du Gobernuaren eta gerrilaren arteko bake akordiotik kanpo geratu. “Akordio berriak pertsona guztiekin eztabaida sakonak dakartza. Inork ezin du kanpoan geratu. Behin betiko jarri diogu amaiera gerrari, kontraesanei era zibilizatuan aurre egiteko”, azaldu du.
FARCeko buruak trantsizio-gobernu bat sortzeko proposamena egin du bake akordio berria ezartzeko “oinarrizko nahiarekin”. “Habanako akordioak betetzea oinarrizko helburua duen trantsizioko gobernu bat, honetan guztian lan egin duten indar eta sektore guztiek osatua”.
Bestalde, Kolonbiako presidenteak azaldu duenez, gatazka armatuak kostu handia izan arren, kolonbiarrek aurrera egin dute eta FARCekin behin betiko bakea sinatzea lortu dute.
Santosek adierazi duenez, FARCek armak desmobilizatzeko eta uzteko 180 eguneko epea behin Kongresuak akordioa berretsita hasiko da, eta hori datorren astean izatea espero du. Halaber, alderdi politiko guztiak deituko dituela nabarmendu du, bake akordioa lehenbailehen martxan jartzen laguntzeko.