Mundua -

7,4 graduko lurrikara izan da

Japoniak bertan behera utzi du tsunami arriskuagatik ezarritako alerta

Japoniako Meteorologia Agentziak ia sei orduz izan du alerta indarrean lurrikara izan eta gero. Sismoaren hipozentroa 25 kilometroko sakoneran kokatu dute.

Koji Nakamura, tsunamiaren gaineko azalpenak ematen. Argazkia: EFE
Koji Nakamura, tsunamiaren gaineko azalpenak ematen. Argazkia: EFE
7,4 graduko lurrikarak tsunami alerta eragin du Japonian

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Japoniak bertan behera utzi du atzo, astelehena, 7,4 graduko lurrikara izan ondoren tsunamiak izateko arriskuagatik ezarritako alerta egoera. Sismoak herrialdearen ipar-ekialdea astindu zuen eta 1,4 metrorainoko olatuak sortu zituen.

Lurrikara detektatu eta gero, Japoniako Meteorologia Agentziak ia sei orduz izan du indarrean alerta. Sismoaren hipozentroa 25 kilometroko sakoneran eta Okuma hiritik (Fukushimako prefetura) 50 bat kilometrora kokatu dute.

Dardarak eta marearen igoerak ez dute ez kalte handirik ez zauriturik eragin, aipatutako agentziak eta NHK irrati-telebista publikoak adierazi dutenez.

Sismoa izan eta berehala aktibatu zuten agintariek Fukushima hutsarazteko alerta, tsunamia izateko arriskuagatik.

Ondoren, Aomori, Iwate, Miyagi, Ibaraki eta Chibako prefeturek eta Tokioko artxipelago batek ere egin zuten, olatu batek kostaldea joko zuela aurreikusita.

Azkenik, Japoniako Meteorologia Agentziak tsunami arriskuagatik ezarritako alerta bertan behera uztea erabaki du bertan 12:50 zirenean (04:50, Euskadin).

2011ko martxoaren 11n, historiako istripu nuklearrik larriena gertatu zen Fukushiman (Txernobylgo hondamendiarekin batera). Japonian izandako lurrikara eta tsunamiaren ondorioz, eraikina apurtu eta erradiazioa kanporatu zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Japonia Eguneko albisteak Lurrikarak munduan Asia albisteak Tsunamia gaur