Mundua -

Unicef-en txostena

Ia milioi erdi haur esplotazioaren biktima, Afrika Erdiko Errepublikan

Gainera, bost urtetik beherakoen % 41ek desnutrizio larria pairatzen du, eta, 2013tik hona, talde armatuek 6.000-10.000 errekrutatu dituzte.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak (UNICEF) esan du Afrika Erdiko Errepublikako 850.000 pertsona, horietatik erdia baino gehiago umeak, desplazatuak edo errefuxiatuak direla inguruko herrialdeetan.

Christophe Boulierac UNICEFeko bozeramalearen esanetan, indarkeriak eta desplazamendu handiek arrisku egoera larrian utzi dituzte umeak, osasun arazoak, esplotazioa eta abusuak areagotuz.

"Afrika Erdiko Errepublikako umeen heren bat baino gehiago ez doa eskolara, % 41ek desnutrizio larria jasaten du eta talde armatuek 6.000-10.000 errekrutatu dituzte, 2013tik hona", gaineratu du.

Hala, azaldu duenez, herrialdearen egoerak hobera egin badu ere, oraindik arriskutsuenetakoa da umeentzat, eta indarkeriaren berragertzeak lortutako aurrerapausoak kolokan jar litzake.

Hori dela eta, suspertze planak garatzerakoan, umeak lehenestea eskatu die Boulieracek herrialdeko agintariei eta nazioarteari, bereziki, oinarrizko zerbitzu sozialei dagokienez.

UNICEFen bozeramalearen hitzak Bruselan azaroaren 17ra bitartean egiten ari diren emaile biltzar baten harira etorri dira. Topagunean, aipatutako herrialde afrikarreko agintariek 3.000 milioi dolar (2.790 milioi euro) eskatuko dituzte, herrialdea laguntzeko.

2013tik, indarkeria pasarteak izan dira herrialdean, komunitate eta erlijio-etnien arteko banaketek eraginda. Trantsizioak eta Faustin-Archange Touadera presidentearen izendapenak (martxoan) ez dute errotutako tentsioak baretzea lortu.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioarteko albisteak Eguneko albisteak