Mundua -
Egipto
Mohamed Mursiri ezarritako heriotza zigorra, bertan behera
2011ko ihesaldia antolatzeagatik egindako epaiketa errepikatzea agindu du Egiptoko Kasazio Auzitegiak.
Agentziak | Erredakzioa
2011n Wadi Natrun kartzelatik ihesaldia antolatzea egotzita, heriotza zigorra ezarri zioten duela urtebete Mohamed Mursi Egiptoko presidente ohiari. Kasazio Auzitegiak bertan behera utzi du gaur zigor hori, eta epaiketa errepikatzea agindu du.
Mursi 2013tik kendu zuten boteretik, eta haren kontrako hainbat epaiketa egin dituzte. Zigorrik handiena 2015eko ekainean ezarri zioten, 2011ko ihesaldia antolatzea egotzita.
Mursirekin batera beste 108 akusatu zigortu zituzten, Anaia Musulmanak taldekoak gehienak. Denei espetxetik ihes egitea eta hiru kartzelatan preso zeuden 20.000 pertsona askatzen laguntzea egotzi zieten.
Auzitegiak, hortaz, onartu egin du presidente ohiak eta beste 26 auzipetuk aurkeztutako helegitea.
Burg al Arab kartzelan dago Mursi, hainbat auzitan ezarritako zigorrak betetzen. Leporatzen zaizkionak gezurra direla esan du beti, eta oraindik Egiptoko "presidente legitimoa" bera dela azpimarratu du.
Baliogabetu duten horrez gain, beste heriotza zigor bat du Mursik. Bi delitu egotzi zizkioten: Qatarri sekretuak jakinaraztea eta atzerriko taldeekin kolaboratzea Egiptoren kontrako erasoak egiteko helburuarekin. Horrez gain, 20 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 2012an Itihadiya presidentearen jauregian izandako istiluetan indarkeria erabiltzeagatik.