Mundua -

Bakea Kolonbian

Kolonbiako Gobernuak eta FARCek bigarren bake-akordioa adostu dute

Habanan iragarritako itunean hasierako akordioaren aurkakoak ziren sektoreen ekarpenak bildu dituzte.

Bake-akordio berria sinatu dute Kolonbiako Gobernuak eta FARCek Habanan. Argazkia: EFE
Bake-akordio berria sinatu dute Kolonbiako Gobernuak eta FARCek Habanan. Argazkia: EFE
Kolonbiako Gobernuak eta FARC gerrillak bake-akordio berria lortu dute

1:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonbiako Gobernuak eta FARCek bigarren bake-akordioa sinatu dute larunbat honetan Habanan (Kuban). Irailean adostutako eta kolonbiarrek baztertutako itunaren aurkako sektoreek egindako ekarpenak bildu dituzte oraingoan.

"Bakea eta adiskidetzea erdiesteko kolonbiarren nahiari erantzunez, akordio berria hitzartu dugu", zehaztu dute bi aldeek Habanan irakurritako agirian. Kubako hiriburuan egin dituzte azken lau urteotan bakea bideratzeko negoziazioak.

"Bake egonkorra eta iraunkorra" lortzeko asmoz, Kolonbiako Gobernuko eta FARCeko negoziazio-buruek (Humberto de la Calle eta Ivan Marquez hurrenez hurren) bederatzi egun pasa dituzte Habanan bilerak egiten.

"Gizarteko hainbat sektorek proposatutako ekarpenak eta banan-banan aztertutakoak bildu ditugu akordioan", adierazi dute prozesua bermatzeaz arduratu diren Kuba eta Noruegako enbaxadoreek irakurritako testuan.

"Bake egonkorra eta iraunkorra eraikitzea da itun berri honen xedea, eta kolonbiar guztien konpromisoa izan behar du horrek, polarizazioak ekidin eta adierazpen politiko eta sozial guztiak batzeko", gehitu dute.

Gainera, negoziatzaileek deia egin diete "Kolonbia osoari eta nazioarteko komunitateari, hitzarmena laguntzeko eta babesteko, adiskidetzearen bila solidarioak izan baitira beti". Horrez gain, "laster ezartzeko beharra" azpimarratu dute, "gudaren tragedia atzean uzteko". Izan ere, argudiatu dutenez, "bakeak ezin du gehiago itxaron".

Albistearen berri izan ostean, dozenaka kolonbiar kalera irten dira, Bogotako Bolivar plazara. Han, euripean ospatu dute Gobernu kolonbiarraren eta FARC gerrillaren akordioa.

Santosek baieztatu du FARCek ondasunak eta dirua emango dituela

Habanan zehaztutako testuaren arabera, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak baieztatu du FARCek ondasunak eta dirua entregatu beharko dituela biktimen minaren ordainetan.

"FARCek ondasun guztiak deklaratu eta entregatu beharko ditu, biktimei emateko", esan du Casa de Nariño etxean egindako adierazpenetan, exekutiboaren egoitzan.

FARCek dio "zentzuzko" mugak baino ez dituztela ipini

Bestalde, FARC gerrillaren iritziz, muga "zentzuzkoak eta onargarriak" baino ez dituzte ipini negoziazio-prozesuan, eta Habanako ituna "adiskidetasunaren herrialde" baten eraikuntzaren abiapuntua izan beharko litzatekeela nabarmendu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaurko azken ordukoa Zer gertatu da Kolonbian?