Mundua -
Markak eskualdean
Dar-dar egin du berriz Italiako erdiguneak 4,8 graduko sismo batean
Azken egunotako sismoek 26.000 bat desplazatu eragin dituzte eta, gainera, hainbat bitxi artistiko behera erori dira, besteak beste, Norciako San Benedetto Basilika.
agentziak | erredakzioa
Richter eskalako 4,8 mailako lurrikara berri batek Italiako erdigunea astindu du berriz ere gaur, osteguna, goizaldean, AEBko Geologia Zerbitzuak adierazi duenez.
Sismoak 10 kilometroko sakoneran izan du jatorria, 01:35ean, eta epizentroa Pieve Torinarik lau kilometro ingurura kokatu dute, hego-mendebaldera. Udalerria Macerata izeneko probintzian dago eta 1.500 lagun bizi dira.
Lurrikarek ez dute etenik izan azken egunotan Italiako erdigunean, Unbria eta Markak izeneko eskualdeetan, eta 26.000 desplazatu eragin dituzte.
Aurreko asteko asteazkenean hainbat sismo izan ziren, nagusiena 5,9 gradukoa, baina indartsuena igandean izan zen, 6,5ekoa.
Abuztuaren 24an izandako beste batek 297 hildako eragin zituen Italiako erdigunean.