Mundua -

Irak

600.000 ume daude harrapatuta Mosulen

Save the Childrenek bide seguruak irekitzea eskatu du, hirian jarraitzen duten 1,5 milioi pertsonek alde egin dezaten. NBEren arabera, 18.000 dira desplazatuak.

Mosuleko emakume desplazatuak, zentro batera noiz eramango zain. Argazkia: EFE
Mosuleko emakume desplazatuak, zentro batera noiz eramango zain. Argazkia: EFE
Mosuleko emakume desplazatuak, zentro batera noiz eramango zain. Argazkia: EFE

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak adierazi duenez, 600.000 haur baino gehiago ez atzera ez aurrera egin ezinik daude Mosul Estatu Islamikoaren aurkako erasoaldia egiten ari diren Irakeko hirian.

Ohar baten bidez, GKEak bide seguruak irekitzea eskatu du, hirian jarraitzen duten 1,5 milioi pertsonek alde egin dezaten, oldarraldiak areagotzen ari direla ikusita.

Maurizio Crivellaro Save the Childrenen Irakeko zuzendariaren esanetan, "gatazkak areagotzen ari direnez, gero eta zailagoa da familiek ihes egitea eta zaurituek beharrezko arreta izatea".

"Ezin dugu jesarri eta Alepon (Siria) gertatutakoa errepikatu arte itxaron, umeak gerra gune batetik ateratzeko aukera baldin badago", azpimarratu du.

Bestalde, Arazo Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Erakundeko Bulegoaren arabera, 18.000 dira Estatu Islamikoaren aurka egindako oldarraldiak eragindako desplazatuak.

Ohar baten bidez adierazi duenez, desplazatuen mugimenduak "konplexuak" badira ere, gehienak "hegoalderantz abiatu dira".

Gatazkak lehen lerroan darrai

Irakeko indar bereziek fronteko lerroa apurtzea lortu dute, Sabah al Numan Terrorismoaren aurkako Zerbitzuaren hitzetan.

BBC telebista britainiarrean egindako adierazpenetan, Al Numanek indar bereziek "gune oso garrantzitsu bat askatu" dutela azpimarratu du, hain zuzen, "Mosulen ekialdetik sartzeko atea".

Hala, eta Estatu Islamikoren aurkako borroka "oso gogorra" izan dela adierazi eta gero, "arin eta hildakorik izan gabe askatu" dutela gaineratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Estatu Islamikoa