Mundua -

Venezuela

Venezuelako Gobernua eta oposizioa elkarrizketa mahaian eseri dira

Hala ere, Leopoldo Lopez buru duen Herriaren Nahia oposizioko alderdia ez da elkarrizketatan parte hartzen ari.

Nicolas Maduro. Argazkia: EFE
Nicolas Maduro. Argazkia: EFE
Nicolas Maduro. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelako Gobernua eta oposizioko kide nagusiak elkarrizketa mahaian eseri dira Caracasen, herrialdearen egoerari atera bide bat aurkitzeko asmoz. Dena den, azken unean elkarrizketatan ez parte hartzea erabaki du Leopoldo Lopez buru duen Herriaren Nahia oposizioko alderdiak.

Elkarrizketa mahaia osatu dute jada, Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen, Venezuelako Gobernuaren ordezkaritza baten, chavismoaren kontrako Batasun Demokratikoaren Mahaia (MUD) aliantzako bost ordezkariren, Unasur Hego Amerikako Nazioen Batasuneko bitartekarien eta Vatikanoko ordezkarien begiradapean.

Oposizioko kideei eskua luzatu ostean, Nicolas Madurok herrialdeko egoera konpontzeko asmoz abiatutako elkarrizketa prozesuarekiko "erabateko konpromisoa" agertu du. Gainera, elkarrizketa mahaira entzuteko eta entzuna izateko itxaropenarekin doala azpimarratu du.

Bestalde, Claudio Maria Celli Venezuelako Gobernuaren eta oposizioaren arteko bitartekaritza lana egiteko Vatikanoko ordezkariak elkarrizketa serioa izateko eskatu die aldeei. Frantzisko aita santua Venezuelako egoerarekin "oso kezkatuta" dagoela adierazi ostean, Cellik aitortu du ez dela lan erraza izango. Hala ere,  prozesuak aurrera egiteko eta lanerako metodo bat eta elkarrizketarako etapak adosteko gai izango direnaren itxaropena agertu du.

Bilera hasi baino aurretik, oposizioko alderdi nagusiak ika-mikan aritu dira: Ekintza Demokratikoa (AD), Lehendabizi Justizia (PJ), Herriaren Nahia (VP) eta Garai Berri Bat (UNT).

Leopoldo Lopezek sortutako Herriaren Nahia alderdiak negoziazioetara joateri uko egin dio azkenean, mahaian esertzeko jarritako hainbat baldintza betetzen ez zirela argudiatuta -tartean, 13 preso politiko askatzea-.

Bestalde, UNTko, ADko eta PJko oposizioko ordezkariak elkarrizketatan parte hartzen ari dira Jesus Torrealba MUDeko idazkari exekutiboarekin eta Henri Falcon Lara estatuko gobernadorearekin batera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Albisteak Venezuela argazkiak Latinoamerikako azken ordukoa Nicolás Maduro Leopoldo López albisteak