Mundua -
6,5eko gradukoa
Lurrikara berri batek astindu du Italiako erdigunea
Hogei bat zauritu utzi ditu seismoak, gehienak arinak, baina asteazkeneko lurrikaran kaltetutako eraikin batzuk bota ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Lurrikara berri batek jo du Umbriako eskualdea, Italiako erdigunean, igandeko 7:40an. 6,5 gradukoa izan da Richter eskalan.
Seismoak hogei bat zauritu utzi ditu, baina ez da hildakorik egon. Kaltetutako bat larriki zaurituta dago, eta hiru bizirik atera dituzte hondakinetatik. Gainera, lurrikarak behera bota ditu aste honetan kaltetutako erakin batzuk.
Erreskate-taldeak "ez dira inor bilatzen ari", Italiako Babes Zibileko buru Fabrizio Curciok esan duen moduan.
Norciatik 6 kilometrora iparraldean izan da epizentroa. Ia 5.000 biztanleko herria da Norcia. Hori izan da herri kaltetuena, ondasun kulturalean batez ere. San Benedictoko basilikan, adibidez, fatxada baino ez da geratzen zutik.
Sare hidrikoa, elektrikoa eta errepideak, arrailez eta lur-jausiz beteak, kaltetuak izan dira.
Erromako metroaren hiru linea gelditu dituzte, lurrikararen osteko egiaztapen teknikoak egiteko, Italiako hiriburuaren garraio publikoaren erakundeak baieztatu duenez.
Urriaren 26an, 5 gradu baino gehiagoko bi lurrikarak eremu hori astindu zuten, Las Marcas eskualdeko Ussia, Visso edo Castelsantangelo sul Nera bezalako herrietan kalteak utziz.
Ia hutsik zeuden hirigune horiek, biztanle gehienak beste guneetara eraman zituztelako asteazkeneko lurrikaren ostean.