Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

FBIk berriro ikertuko ditu Hillary Clintonen mezu elektronikoak

Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeetarako astebete eta erdi falta denean erabaki dute Hillary Clinton berriro ikertzea.

Hillary Clinton. Argazkia: EFE
Hillary Clinton. Argazkia: EFE
Hillary Clinton. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikerketa Bulego Federalak (FBI) berriro ikertuko ditu Hillary Clinton Ameriketako Estatu Batuetako presidentegai demokratak 2009 eta 2013 urteen artean, Estatu idazkaria zenean, igorri zituen posta elektroniko pribatuak.

“Zerikusirik ez duen beste kasu baten harira, FBIk jakin du ikertu gabeko beste posta elektroniko pribatu batzuk badaudela eta mezu horiek informazio klasifikatua duten ala ez argitu behar dugu”, esan du James Comey FBIren zuzendariak.

Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeetarako astebete eta erdi falta denean erabaki dute Hillary Clinton berriro ikertzea. Azaroaren 8ko bozetan, Clinton eta Donald Trump hautagai errepublikar polemikoa lehiatuko dira.

Joan den uztailean, FBIk hiru orduz galdekatu zuen Clinton eta handik egun batzuetara Justizia Departamentuak auzia ixtea erabaki zuen, Ikerketa Bulego Federalak haren kontrako frogarik topatu ez zuelako.

Posta elektronikoen polemika 2015ean piztu zen. AEBtako Estatu idazkari izan zen lau urteetan, Clintonek komunikaziorako bere helbide elektroniko pertsonala erabili zuela zabaldu zuten zenbait komunikabidek.

Clintonek onartu zuen ez zuela ondo egin, “inteligenteagoa” izango litzatekeela “kontu ofizial bat” erabili izana, eta aro hartan igorritako 55.000 mezu jarri zituen ikertzaileen esku.

Auzia itxi egin zuten, baina AEBtako Gobernuaren informazio klasifikatua ondo erabili zuen zalantza ez da erabat uxatu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB argazkiak Gaurko azken ordukoa Donald Trump Hillary Clinton Profila Hillary Clinton FBI