Mundua -
Bake prozesua
Kolonbiak atzeratu egin ditu bake-elkarrizketak ELN gerrillarekin
Gerrillak Odin Sanchez Montes de Oca biltzarkide ohia askatzen duenean hasiko ditu Kolonbiak duela bi aste iragarri zituen bake-elkarrizketak.
Agentziak | Erredakzioa
Kolonbiako Gobernuak eta Askapen Nazionalerako Armadak (ELN) bake-elkarrizketak ostegun honetan Ekuadorren hasiko zituztela iragarri zuten duela bi aste. Alabaina, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak elkarrizketa horiek atzeratzea erabaki du, gerrillak Odin Sanchez Montes de Oca biltzarkide ohia askatu arte. Odin Sanchez duela sei hilabete bahitu zuten, Patrocinio bere anaia libre uzteko trukea egin zutenean.
Kolonbiako Gobernuaren eta ELNren talde negoziatzaileen buruek urriaren 10ean zehaztu zuten bake-prozesua negoziatzeko agenda.
ELNk ez duenez Odin Sanchez askatu eta ez duenez hari buruzko inolako berririk eman, Kolonbiako Gobernuak bake-elkarrizketak behin-behinean eteteko erabakia hartu du.
Juan Fernando Cristo Kolonbiako Barne ministroaren esanetan, Kolonbiako Gobernua eta ELN gerrillaren arteko elkarrizketak bide onetik doaz, eta duela sei hilabete bahitu zuten politikaria askatzeko prest daudela ziurtatu du.
Ildo horretatik, Kolonbiako Gobernuaren talde negoziatzailea ez dela Ekuadorrera joan esan du Cristok, eta gerrillariek Sanchez libre utzi arte ez dela joango gaineratu du.
“Ostiral edo larunbat honetan bake-elkarrizketak hasteko prest dago Kolonbiako Gobernua, baina Odin Sanchez askatu dutela baieztatu ondoren”, adierazi du ministroak.
ELNk desadostasuna adierazi du
Kolonbiako Gobernuak bake-elkarrizketak atzeratzeko hartu duen erabakiarekin ez datorrela bat zabaldu du Askapen Nazionaleko Armadak (ELN) Twitterren duen kontuan.
Gerrillaren talde negoziatzailearen arabera, ELNk eta Kolonbiako Gobernuak gaizki-ulertuak izan dituzte, eta elkarrizketa datozen egunotan abiatzeko esperantza dutela esan dute.
Biltzarkide ohia askatzeko operatiboa, martxan
Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak ostegun honetan jarri du martxan Odin Sanchez biltzarkide ohia askatzeko operatiboa, Juan Camilo Restrepo Kolonbiako Gobernuaren talde negoziatzailearen buruak jakinarazi duenez.