Mundua -

EB-ren eta Kanadaren artean

CETA merkataritza itunari buruzko akordioa lortu dute Belgikan

Hala ere, gaur Europar Batasunaren eta Kanadaren artean egitekoa zen sinadura ekitaldia bertan behera gelditu da eta oraingoz ez dute data berririk zehaztu.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Belgikako agintariek Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko CETA merkataritza itunaren sinadura desblokeatzeko akordioa lortu dute gaur. Hasiera batean gaur egitekoa zen sinadura ekitaldia bertan behera gelditu dela iragarri eta gutxira ezagutu da albistea. Valoniak betoa jarria zion CETAri, baina azkenean argi berdea eman dio Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko merkataritza itunari.

"CETAri buruzko akordioa lortu dute Belgikan. Orain, Belgikako eskualdeetako Parlamentuek onartu beharko dute bihar gaua baino lehen. Europar Batasunarentzat eta Kanadarentzat pauso garrantzitsua da", adierazi du Charles Michel Belgikako lehen ministroak haren Twitter kontuan.

Gaurko iragarritako Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko goi-bilera bertan behera gelditzen zela ezagutu eta ordubetera jakin da albistea.

Donald Tusk Europako Kontseiluko presidentea pozik agertu da Belgikan lortuko akordioarengatik. Dena den, azpimarratu du ez dela Justin Trudeau Kanadako lehen ministroarekin harremanetan jarriko Europar Batasunak prozedura guztiak amaitu arte.

Europako iturrien arabera, oraingoz ezin da goi-bilerarako data berririk zehaztu, eta hurrengo pausoa Europar Batasuna ados jartzea dela azpimarratu dute.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Batasun europarra Belgika bideoak Albisteak