Mundua -
Errefuxiatuak
Calaisko kanpalekua hustu duela iragarri du Frantziako Gobernuak
Lau pertsona atxilotu dituzte “Calisko oihanean” piztu diren suteekin lotura dutelakoan.
Agentziak | Erredakzioa
Calaisko kanpalekuan zeuden errefuxiatu guztiak kanporatu dituztela iragarri du asteazken honetan Frantziako Gobernuak. Azken migratzaileak sugarren artean irten dira Frantziako errefuxiatuen gune handienetik.
Poliziak “Calisko oihanean” zeuden azken errefuxiatuak atera ditu, kanpalekuan piztu diren suteekin arazorik izan ez ditzaten.
Beste alde batetik, Fabienne Buccio Calaisko itsasarteko prefetak azaldu duenez, kanpaleku horretatik euren borondatez atera diren errefuxiatuek lurralde osoan zehar zabaldutako 450 harrera zentroetako batera joateko izena eman dezakete. Gauzak horrela, harrera zentroetan asiloa eskatzeko prozedura martxan jartzeko aukera izango dute.
Alde horretatik, Bucciok iragarri du dagoeneko 5.000 pertsona inguruk eman dutela izena harrera zentroetara joateko. Alabaina, errefuxiatu batzuek ez dute gune horretatik joateko asmorik, Erresuma Batura iristeko helburua baitute.
Errefuxiatuak Calaisko kanpalekutik atera dituzte. Argazkia: EFE
Halaber, bertan jarraitzeko asmoa duten errefuxiatuak oraindik ez dituztela atxilotu esan du Bucciok. “Errefuxiatu asko kanpalekutik euren borondatez atera dira eta gobernuaren proposamena onartu dute”, gaineratu du.
Bestalde, Calaisko itsasarteko prefetak esan du lau pertsona atxilotu dituztela “Calisko oihanean” piztu diren suteekin lotura dutelakoan. Azaldu duenez, Afganistango biztanleen ohitura bat da euren etxeak utzi aurretik su ematea.
Pierre-Henri Brandet Barne Ministerioaren bozeramailearen arabera, 1.500 haur Frantziako harrera zentroetara eraman dituzte, horien etorkizunari buruz erabaki bat hartzen dutenera arte.