Mundua -
Immigrazioa
'Calaisko oihaneko' lehen errefuxiatuak atera dituzte
6.400 immigrante banatuko dituzte guztira Frantzia guztiko 454 zentrotan zehar, Gobernuaren esanetan, "arrazoi humanitarioak" direla eta.
Agentziak | Erredakzioa
'Calaisko oihanean' zeuden lehen 50 errefuxiatuak kanpalekutik atera dituzte autobusez Borgoina eskualdeko zentro batera eramateko, France Blue Nord irrati kateak jakinarazi duenez. Datozen orduetan ere, etengabekoa izango da autobusen joan-etorria. Izan ere, 08:00etan ekin diote etorkin eta errefuxiatuen kanpalekua husteari. Frantziako handiena da, eta, goizean goizetik, ilara luzeak egin dira agintari frantziarrek zabaldutako kudeaketa zentroaren aurrean.
Etorkin eta errefuxiatu gehienak Afganistangoak, Eritreakoak eta Sudangoak dira. Maletak eta soinean eraman dezaketen guztiarekin, goizaldean heltzen hasi dira, Frantziako Gobernuak lurralde osoan zabaldutako 454 zentroetako batera eraman ditzaten.
Gobernuz Kanpoko Erakundeen aburuz, presaz eta milaka pertsonarentzat bermerik gabe hartutako erabakia da; izan ere, 6.400 immigrante banatuko dituzte guztira Frantzia osoko 454 harrera-zentrotan zehar, Gobernuaren esanetan, "arrazoi humanitarioak" direla eta.
Barne Ministerioaren arabera, ebakuazio-operazioak astebete inguru iraungo du, eta 1.250 polizia eta jendarme egongo dira hura gainbegiratzen. Fabienne Buccio Calaisko itsasarteko prefetak azaldu duenez, 3.000 metro koadro baino gehiago dituen hangar bat prestatu dute, birbanatze-prozesua errazte aldera.
Kalkuluen arabera, pertsona heldu baten laguntzarik ez duten 1.300 adingabek jarraitzen dute kanpamentuan. Erresuma Batuak adingabe horiek hartuko dituela adierazi du, baldin eta Erresuma Batuan senitartekorik duten egiaztatzen bada.
Aitzitik, Human Rights Watch (HRW) erakundeak eskaria egin die Frantziako Gobernuari eta Erresuma Batukoari, bakarrik dauden adingabeen segurtasuna eta arreta berma dezaten kanpamentua eraitsi aurretik.