Mundua -
Hirugarren eta azken eztabaida
Trumpek 'dagokionean' erabakiko du hauteskundeen emaitza onartzen duen
New Yorkeko enpresariaren arabera, "milioika pertsona erregistratu dira bozkatzeko, eta ez lukete egon behar". Clintonen esanetan, Trump Putinen txotxongiloa da.
agentziak
Donald Trump Etxe Zurirako presidentegaiak adierazi du "bere garaian" erabakiko duela azaroaren 8an egitekoak diren AEBko hauteskundeen emaitzak onartzen ote dituen.
"Dagokionean esango dizut. Misterioa mantenduko dut", esan du Trumpek, Chris Wallace Las Vegasen egindako hirugarren eta azken eztabaidaren aurkezlearen galderei erantzunda.
New Yorkeko enpresariaren arabera, "milioika pertsona erregistratu dira bozkatzeko, eta ez lukete erregistratuta egon behar". Trumpek berriz ere esan du hauteskundeak Clintonen mesedetan manipulatu dituztela.
Alabaina, Trumpen hitzek aurrez talka egiten dute Mike Pence presidenteorde izateko hautagaiak esandakoarekin. Pencek adierazi du "herri estatubatuarraren borondatea eta hauteskundeen emaitzak onartu" egingo dituztela.
Horren ildotik, Ivanka Trump hautagaiaren alabaren esanetan, bere aitak "zuzen" jokatuko du eta ziur agertu da Clintonen garaipena aitortuko duela hauteskundeak galduz gero.
Hautagai demokratak, aldiz, adierazi du Trumpek AEBko "demokrazia ahultzen" duela esanez hauteskundeetan iruzurra egingo dela.
Trumpen iritzian, gainera, hedabideen izaerak iruzur egin du hauteskundeetan.
Clintonek, aldiz, adierazi du Konstituzioaren Bigarren Zuzenketa (armak eramateko eskubidea bermatzen du) "errespetatzen" duela, baina gehiago arautzeko eskatu du. Era berean, Donald Trumo kritikatu du, Erriflearen Elkarte Nazionala (NRA) babesteagatik.
"Ez dago arazorik, bizitzak salbatu eta Bigarren Zuzenketa defenda daitezke. Araututa egon behar da", azaldu du Clintonek.
Gainera, hautagai demokratak baieztatu duenez, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Donald Trumpen moduko "txotxongilo" bat nahi du, horregatik ari da AEBko hauteskundeetan "esku hartu" nahian.