Mundua -
AEBko hauteskundeak
Trumpek dio Clinton drogatu egiten dela eta buruak pozointzen dituela
Horrez gain, kanpainan iruzur egiten ari dela leporatu dio, azaroko hauteskundeetan hautagai errepubublikarrak irabz ez dezan.
Agentziak | Erredakzioa
Donald Trump Etxe Zurirako hautagai errepublikarrak Hillary Clinton arerio demokratari zera leporatu dio: energia gehiago edukitzeko drogak hartzea eta hautesleen "buruak pozoitzea", besteak beste, Trumpi gehiegikeria sexualak egotzi dizkioten emakumeen gezurrak bultzatzeko.
Izan ere, haserre agertu da zenbait emakumek gehiegikeria sexualak leporatzeagatik hedabideetan izan duten protagonismoa dela eta. Bere iritziz, kanpainan iruzur egiten ari dira, azaroko hauteskudeetan irabaz ez dezan.
"Atleten tankerakoak garenez (…), eta atletei droga-kontrolak egiten dizkietenez, guri ere debatea baino lehen egin beharko lizkiguteela uste dut, ez baitakit Clintoni zer gertatzen zaion", esan du Trumpek Portsmouthen (New Hampshire) emandako mitinean.
Hautagai errepublikarraren esanetan, joan den igandean San Luisen (Misuri) izandako eztabaidaren hasieran "energia ikaragarria" zuen Clintonek; bukaeran, ordea, "agertokitik jaisteko desiatzen zegoen".
"Ia ezin zuen autora iritsi", gaineratu zuen enpresariak, irailean Estatu idazkari ohiak neumonia zuela eta kotxera igotzeko izan zituen arazoei erreferentzia eginez.
Azken hilabeteotan, Clintonen osasunari buruzko zurrumurruak zabaldu ditu Trumpek, baina orain arte inoiz ez dio drogak hartzea leporatu.
Clintonen kanpainan akusazioari erantzun ez dioten arren, Correct the Record hautagai demokrataren alde dirua biltzen duen taldeak Trumpen "adierazpen ankerrak" gaitzetsi ditu agiri batean, eta esan du "ezin duela bere arerioaren osasunaren aurkako konspirazioak egiteari utzi".